Euskal Herriko Squash Txapelketa, larunbatean Artalekun
Lur Alai Squash Klubak antolatutako lehiaketa 09:00etan hasi eta 19:00etan bukatuko da. Lehiaz harago, laugarren pista berriz irekitzeko eta squasha babesteko eskatuko diote Irungo Udalari.
Larunbat honetan, hilak 9, Lur Alai Squash Klubak antolatu duen Euskal Herriko Squash Txapelketa jokatuko da Artaleku kiroldegian. Txapelketa horretan herrialde ezberdinetako selekzioak arituko dira nor baino nor, gizon zein emakume mailan. Lur Alaik adierazi du Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko taldeetako jokalari onenak elkartuko direla Artalekun.
Euskal Herriko Squash Txapelketa 09:00etan hasiko da. Eguerdian etenaldi bat egingo dute bazkaltzeko, eta ondoren, arratsaldean, finalerdiak eta finalak jokatuko dira. Klubeko kideek aurreikusi dute lehiaketa 19:00ak aldera bukatuko dela sari banaketarekin.
Bestalde, Lur Alaik denbora darama gatazkan Irungo Udalarekin, eta larunbatean aldarrikapen bat egingo dutela aurreratu dute. Lur Alaiko kideek gogorarazi dute urteak daramatzatela euren jarduna lau pistetan beharrean hirutan bideratzen, laugarren pista itxi zietelako. Klubak argi du laugarren pista hori berreskuratu nahi dutela, eta udalari eta Kirol zinegotziari “konpromisoa eskatu” diote “itxi zuten pista hori berriro irekitzeko”. Klubak nabarmendu du udalak Lur Alaik “urtetik urtera egiten duen lana babestu” behar duela, squasha sustatzeko “konpromisoa” hartuz.