Emeki, alardeaz: "Bada garaia arazo honi konponbidea emateko"
Elkarteko estatutuei "leial izanik", adierazi dute ezin dutela "ez ikusiarena egin duela 25 urte baino gehiagotik gure herriko jaietan bizi diren egoerekiko".
Emeki Emakume Elkarteak ere alardearen gaineko gogoeta egin berri du. Elkarteko estatutuei “leial izanik”, adierazi dute ezin dutela “ez ikusiarena egin duela 25 urte baino gehiagotik gure herriko jaietan bizi diren egoerekiko”. Hondarribian dagoen gatazka emakumeek alardean desfilatu ahal duten edo ez erabakitzetik “harago” doala esan dute, “gatazka honen oinarria emakumeok askatasunez aukeratzeko dugun eskubideaz eta epaituak izan gabe gure iritziak eta pentsamenduak azaltzeko eskubidean dagoelako”.
Elkartea, hasieratik, emakumeak Hondarribiko Alardean parte hartzearen aldekoa izan dela erantsi dute. Arazoari konponbidea emateko “garaia” dela diote, eta erakundeak direla egoera honen erantzule zuzenak, “eta hainbeste maite ditugun jaiak giro lasaian ez ematearen arduradunak”.
Emeki “emakume guztion topagunea” dela nabarmendu dute taldekok, “gai honetan eta besteetan edozein ideologia dela ere”. Emakumeak “seguru eta aske sentitzeko” gunea izaten jarraituko du elkarteak, “emakume izate hutsagatik mespretxuak edo baztertuak izan ez gaitezen”.