Bidasoa Irunek abonatuen kanpaina abiatu du
'Horia izan dadila zure kolorea!' lelopean, Bidasoak jarraitzaileak animatu nahi ditu beraien azala hori bihurtzeko eta elastiko horiarekin Artalekun jokatuko diren partidetara joateko.
Bidasoa Irun prest da 2023-2024 denboraldiko Asobal Ligari ekiteko. Irundarren debuta larunbat honetan izango da, eta azken urteetan nagusi izan den Bartzelonak bisitatuko du Artaleku, 16:45ean. Bien bitartean, klubak sasoi berrira begirako abonatuen kanpaina aktibatu du beste urte batez. ‘Horia izan dadila zure kolorea!’ lelopean, Bidasoak jarraitzaileak animatu nahi ditu beraien azala hori bihurtzeko eta elastiko horiarekin Artalekun jokatuko diren partidetara joateko.
Honela sailkatu ditu klubak abonuen prezioak, kategoriaka banatuta:
- Helduak (26-64 urte): 165 euro.
- Erretiratuak (65 urtetik gorakoak) eta juniorrak (19-25 urte bitartekoak): 120 euro.
- Langabeak eta gazteak (15-18 urte artekoak): 105 euro.
- Haurrak (14 urtetik beherakoak): 45 euro.
Azken urteetan egin bezala, klubak familia abonua erosteko aukera ahalbidetu du, eta azaldu dute %25eko deskontua aplikatzen dela abonua banaka erostearekin konparatuz. Hona hemen familia egituren aukerak:
- Heldu bat + haur bat: 170 euro.
- Heldu bat + bi gaur: 210 euro.
- Bi heldu + haur bat: 300 euro.
- Bi heldu + 2 haur: 340 euro.
Abonatuen kanpainaren berritasunetako bat da larunbateko Bartzelonaren aurkako partida abonuen prezioan sartzen dela. Horrela, Bidasoak jakinarazi du ez dela ohiko Klubari Laguntzeko Eguna egongo.
Non eta noiz
Bidasoa Irunek adierazi du aktibatuta dagoela jada abonatua izateko eskaera online egiteko aukera. Abonatu berriak klubak horretarako ahalbidetu duen estekan sartu beharko dira, eta eserlekua aukeratu ondoren, abonua aukeratu beharko dute. Bartzelonaren aurkako norgehiagokaren ondoren, aukeratutako eserlekua ez bada pertsonak denboraldi osorako izan nahi duena, eserleku aldaketa kudeatu ahal izango dela aurreratu du klubak, 943 62 52 85 telefonora deituta edo helbide elektronikora mezua bidalita.
Bestalde, abonua aurrez aurre ere egin ahal izango dela iragarri du Bidasoak. Hilaren 4tik, interesdunak klubak Artalekun dituen bulegoetara bertara daitezke. Klubak astelehenetik ostiralera eskaintzen du arreta, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 18:30era. Abonu familiarra eskuratu nahi dutenek, aurrez aurre edo posta elektronikoz egin beharko dute eskaera, ezingo dute online egin.
Bidasoa Irunek ahalbidetutako helbide elektronikoan kontsultak eta zalantzak ere erantzungo dituztela zehaztu dute.
Txartela uztea
Azken bi sasoietan ohikoa izan den bezala, Bidasoako bazkideek Artalekura joan ezin diren partidetan beren bazkide txartela senide edo gertuko bati uzteko aukera izaten jarraituko dutela jakinarazi du klubak. Txartelaren lagatzea Bidasoaren App-aren bidez egin daitekeela gogorarazi du klubak.
Bidasoak adierazi du lagapen hori adin maila bereko pertsonen artean egin behar dela. Familiaren edo lagunen artean ezin badute eserlekua utzi, dagokion norgehiagokara joateari uko egiteko aukera dagoela oroitarazi klubak. Erabaki hori Bazkidearen Eremu Pribatuan har daiteke. Klubak, horrela, eserleku hori salgai jar dezake, batez ere eskari handiko partidetarako.