Adinekoen bakardadeari aurre egiten jarraituko du udalak
Irun Lagunkoia programak bakarrik bizi diren adinekoekin kontaktua, diagnostiko psikologikoa, eta estimulazio kognitiboen lanketa errazten du.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak adinekoen bakardadea prebenitzeko programaren, Irun Lagunkoiaren, bigarren zatia abiatu du gaur, bakarrik egon nahi ez duten adinekoen egoera arintzeko. Irunen bizi diren 75 urtetik gorako 298 adineko batu dira programara aurten, eta udalak eskura duen informazio guztia luzatuko die. Dena den, aurreratu dute urtearen bigarren seihilabetean beste 138 adinekoei bidaliko diete gonbidapen gutuna.
Programa abian jartzeko, gonbidapen gutuna ondoren psikologo bat jarri ohi da parte hartzaileekin harremanetan. Psikologo eta parte hartzaileek elkarrizketa pertsonala egiten dute, parte hartzaileek nahi izanez gero betiere. Psikologoak diagnostikoa egitean, parte hartzaileak estimulazio kognitiboak eta gaitasun sozialak lantzeko tailerretan arituko dira. Horiek egun, leku eta ordu desberdinetan egingo dituzte:
- Astelehenetan: Palmera Montero gunean, 10:00etatik 13:30era.
- Asteazkenetan: Lekaeneako apartamentuetako espazio sozialean, 12:00etatik 13:30era; eta Iraso zentro sozialean, 10:00etatik 11:30era.
Lehen zatiaren emaitzak
Lehenengo fasea 2023ko urtarrilean abiatu zen, eta ekainera bitartean garatu zuten. Ordura arte, 201 lagunekin jarri zen harremanetan Irungo Udala, eta guztira 61 elkarrizketa egin zituzten psikologoekin. Horien % 63a baino gehiago etxebizitzetan, eta gainontzekoa Palmera Montero gunean. Tailerrei dagokienean, hiru talde osatu zituzten, eta 66 saiotan 26 lagun bildu zituzten bataz beste.
Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan:”Badakigu bakarrik eta bakartuta sentitzea bereziki adinekoengan eragina duen arazo bat dela eta denborarekin oso ondorio larriak izan ditzakeela ongizate fisiko eta psikologikoan. Hori dela-eta, Adinekoen Bakardadea Prebenitzeko Programaren bidez, adinekoen harremanak eta ongizatea saretzeko baliabideak jarriko ditugu adinekoen eta berauen senide eta/edo zaintzaileen esku”.