Jaizkibeli zein desfile baztertzaileari egingo die harrera Eider Mendozak ostiralean
Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du diputazioak ere «mugimendu bat» egin nahi duela, «apaltasunez», «elkar ulertzearen eta konponbidearen alde».
Alarde eguna izango da ostiralean Hondarribian (Gipuzkoa), baina aurten ere emakumeek ezingo dute berdintasunean parte hartu herriko jai nagusian. Azken 25 urteetan bezala, Jaizkibel konpainia parekideak desfilatuko du lehenik, eta alardeak gero, emakumeak soilik kantinera moduan onartzen dituzten konpainiek osatuta. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak biei egingo die harrera, gaur Eider Mendoza ahaldun nagusiak jakinarazi duenez: «Mugimenduak izan dira, eta aldundiak ere mugimendu bat egin nahi du elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta konponbidearen alde. Mugimendu bat, apaltasunez, alarde tradizionalaren desfilera eta Jaizkibel konpainiarenera joanda».
Alardeen inguruko gatazka ondo ezagutzen du Mendozak: «Emakumea naiz, Hondarribian bizi naiz, hiru seme eta alaba bat dauzkat, eta gertutik ezagutzen dut egoera, sufritu baitut, herriak sufritu du». Azken urteetan herritar gisara joan da bi desfileak ikustera, eta aurten ahaldun nagusi gisa joango da. Han izango da Igor Enparan Hondarribiko alkatea ere: urteetan zehar EAJko alkateek desfile baztertzaileari baino ez diote txalo egin, baina aurten aldaketa ekarri du Abotsanitz taldearen udal gobernuak, eta Jaizkibeli zein alardeari egingo die harrera.
Edonola ere, ez da lehen aldia izango aldundiak ofizialki Jaizkibeli harrera egiten diona: Bildu Gipuzkoako Diputazioan izan zenean (2011tik 2015era), urtero joan zen Martin Garitano ahaldun nagusia konpainia parekidea babestera, gobernu ordezkaritza zabal batekin batera; desfile baztertzailea, ordea, ez zuten ikusten. EAJ eta PSE aldundira itzuli zirenean, berriz, ordezkaritza bidaltzeari utzi zioten, salbuespen batekin: Denis Itxasok urte batzuetan bi desfileei egin zien harrera, Kultura diputatu gisa, baina jokabide hori gobernuan adostu gabe.