[Erreportajea] Herrialdeen garapenean, bidelagun
Behar Bidasoa GKEko boluntarioek Ruandan, Kolonbian eta Paraguain lan egiten dute batik bat. Garapen sozio-ekonomikoa bultzatzeko proiektuen finantzaketaz zein jarraipenaz arduratzen dira.
Bidasoan gobernuz kanpoko erakunde (GKE) asko daude. Horietako bat da Behar Bidasoa. Urteak dira GKEak lanean diharduela herrialde ez garatuetako garapen sozio-ekonomikoa ahalbidetzeko baliabideak ematen. Egindako lan guztiarengatik sarituak izan dira askotan. 2009an, esaterako, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Gipuzkoako Boluntariotza Saria jaso zuen elkarteak, eta 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Behar Bidasoako presidentearen izena duen Agustin Ugarte Saria sortu zuen.
1989an eratu zuten ofizialki Behar Bidasoa, baina elkartearen aktibitatea lehenagokoa ere bada. 1976. urteaz geroztik aritu dira garatze bidean dauden herrialdeetan laguntza eskaintzen. Izan ere, hamahiru urtez Hirugarren Munduaren Lagunak deituriko nortasun juridikorik gabeko talde bezala aritu ziren.
Laguntza egitasmoa Jose Ramon Amunarriz misiolari irundarrari esker hasi zen. Ruandara ailegatu eta bertako errealitatea ezagutu zuenean, Irun eta Hondarribiko lagunei laguntza eskatu zien. Hartara, gertuko lagunen zein ezagunen dirua bildu eta Afrika erdialdeko familia zaurgarrien bizi egoera hobetzen ahalegindu ziren, hornigaiak bidaltzen batik bat. Ondoren, instituzio eta udalak GKEekin kolaboratzen hasi ziren, eta horrek betekizun batzuei erantzutea eskatzen zuen. Hain zuzen, horiei erantzuteko eratu zen Behar Bidasoa gobernuz kanpoko erakunde gisa.
Berrogeita zazpi urteren ondoren erakundearen aktibitatea asko aldatu da. Hasieran boluntariotza zen elkartearen funtsa. Laguntza humanitarioko lan ildoari jarraiki, premia biziko gaiez osatutako edukiontziak bidaltzeaz arduratzen ziren: arropa, makinak, fabriketako erremintak edota janaria zuten, esaterako. Urteren batean zortzi edukiontzi bidaltzera heldu zirela azaldu du Jose Manuel Soto lehendakariordeak. «Hogei hanka zituzten edukiontziak ziren, eta 20 tona pisatzen zituzten. Jende askoren laguntza eskatzen zuen horrek». Batez ere erretiraturiko pertsonen laguntza jasotzen zuten, emakumeak gehienak. Garai batean, erabilitako arropa jaso, eta bidali aurretik horiek garbitzen edota puskaturik zeuden piezak josten lan handia izaten zuten. Geroago instituzioetatik aurretiaz erabilitako arropa eta zapatak jasotzea debekatu zuten.
Soto ere gisa horretara hasi zen erakundearekin elkarlanean, edukiontziak osatzen, hain zuzen. Duela 25 urte izan zen hori. Egunkari batean Behar Bidasoari buruzko albiste bat irakurri, eta laguntzeko nahia piztu zitzaion. Elkartera deitu zuen orduan, eta Agustin Ugarterekin hitz egin zuen. «Zer egin nezakeen galdetu zidan, eta ez nekiela erantzun nion. Baina laguntzeko prest nengoela. Handik gutxira edukiontzi bat prestatu behar zutela esateko deitu, eta ea laguntzeko aukerarik nuen galdetu zidan. Horrela hasi nintzen. Ondoren ofizinako zenbait lan egitera pasatu nintzen, eta gutxinaka ardura gehiago hartu nituen».
Pantxi Galanen hasiera bestelakoa izan zen. Behar Bidasoako idazkaria da, eta haren kasuan familiako kide batek bultzatuta batu zen proiektura. «Nire ahizpak urteak zeramatzan elkartean laguntzen. Edukiontziak betetzeko gauzak jasotzen eta prestatzen laguntzen zuen, baita edukiontzien kontrola eramaten ere. Garai hartan, aurretiazko erretiroa prestatzen ari nintzela, elkarteko kide batek ahizpari galdetu zion ea ez ote nuen lagundu nahi. Ofizinako lana amaitzean laguntzen hasiko nintzela esan nion ahizpari. Hala hasi nintzen, eta aurtengo azaroan 16 urte beteko ditu jardunean».
Edukiontziak prestatzeaz gain, aldizkako proiektuak ere egiten zituzten. Hainbat arrazoi tarteko, edukiontziak bidaltzeari utzi egin behar izan diote.
Garapen poloak
Ruanda, Paraguai eta Kolonbia dira Behar Bidasoaren esku hartze gune nagusiak, nahiz eta aparteko proiektuak ere egiten dituzten. Tanzanian kasu, abandonatutako haurren harrera-etxearen egitasmoa aurrera eramaten laguntzen dute. Garapen poloak dira elkartearentzat Ruanda, Paraguai eta Kolonbia, eta horietan proiektuak aurrera eramateko baliabide ekonomikoak bilatzeaz arduratzen dira. Leku horietan erakundearen ordezkari den pertsona bat izaten dute, nolabait erakundearen baliabideak gestionatzeaz eta proiektuak koordinatzeaz arduratzen dena. Ordezkariak nagusiki misiolariak izaten dira.
Proiektuak bertatik proposatzen dituzte, momentuan hautematen dituzten beharren arabera. Ruandan, adibidez, han 50 urte daramatzan misiolari nafar batekin lan egiten dute. «80 urtetik gora ditu, eta oraindik bertan jarraitzen du», azaldu du Galanek. Bertako langile talde batekin proiektuak gauzatzeaz arduratzen da, eta ondoren, egindako lanaren emaitza eta justifikazioa bidaltzeaz. Noizean behin proiektuak ikuskatzeko bidaiak egin izan dituzte. Egun, baina, fase hori iraganekoa dela azaldu du Sotok. «Euri urak jasotzeko eta iturburuetatik ura garraiatzeko proiektu bat egin berri dugu Ruandan. 11 metroko hoditeri sarea sortu, eta zisterna bat eraiki dute . Ez dute gure jakintza teknikoen beharrik izan. Badute gaitasuna».
Paraguai edota Kolonbian ere lan egiteko modu berbera dute. Pereiran (Kolonbia) esaterako, periferiako auzo batean emakumeen harrera-etxea babesten dute. Inguru gatazkatsuan kokaturik dago. Droga, prostituzioa, indarkeria matxista eta ingurumen kutsaduraren testuinguruan. Bertako haur eta emakumeak babesean hartzeko proiektua dute, eta emakumeentzako formazio ikastaroak antolatzen dituzte besteak beste, laneratzea ahalbidetzeko. Jantzigintza, okintza edota ile-apainketa dira irakasten dizkieten ogibide batzuk. «Ikastaro horiek emakumeen arteko elkarrizketak ahalbidetzen dituzte, eta elkar ahalduntzen dira. Ezagutza horiek errekurtsoak ematen dizkiete bizi diren txaboletatik ateratzeko», nabarmendu du Galanek.
Formazio kurtsoetara sarbidea izateko alfabetizazio kurtsoak eskaintzen dituzte aldi berean. Izan ere, emakume indigena askok ez dute irakurketa edo idazmen ezagutzarik. Testuinguru horretan interbentzio psikosoziala beharrezkoa dela gaineratu dute Behar Bidasoako ordezkariek. «Desegituratutako familiak daude, arazo asko dituztenak. Psikologoen lana funtsezkoa da. Proiektu honek emakumeei, familiei eta haurrei sostengua ematen die. Ludoteka bat eta jantoki sozialaren zerbitzuak daude . gainera, Kolonbiako proiektuaren barruan». Eusko Jaurlaritzaren Auzolandegi programaren barruan, bi gazte boluntario daude egun bertan.
Teknologia lagun
Laguntza humanitarioaren alorrean teknologiak paper garrantzitsua jokatu du. Hasieran satelite bidezko irrati konexioa erabili behar izaten zuten komunikatzeko, eta aldizka kolaboratzaile bat joaten zen elkarlan eremuetara guztia behar bezala zihoala ikuskatzeko. Soto 2012an joan zen Kabugara (Ruanda): kontrastez beteriko mundua iruditu zitzaion. «Jendea kalean egoten zen egun osoan. Ez zuten argirik etxeetan, ezta bestelako erosotasunik ere. Kabugan izan ginen, Kigali hiriburutik 25 kilometrotara. Une hartan Kigalitik Kabugarako karretera lehen bost kilometroetan zegoen egina soilik. Gainontzekoa mendia zen. Hiriburuan, berriz, auzo musulman batean izan ginen, eta etxe aurrean saneamenduko zangak zituztela ikusi genuen. Beste gune batzuek, ordea, Europako edozein hiribururen itxura zuten. Kontraste handiko eremua iruditu zitzaidan». Orain proiektuen jarraipena egitea askoz errazagoa dela ziurtatu dute. «Aurrekoan bi orduko bideo bidezko dei bat egin genuen Ruandako ordezkariarekin, inolako konexio arazorik gabe. Eguneroko jarraipena egin daiteke bertara joateko beharrik izan gabe. Noski, konfiantzazko norbait izan behar duzu, eta guk badugu». Teknologia aldeko dute, beraz.
Interbentzio zuzena egiteaz gain, sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, burutzen dituzten ekintzen berri emateko, bai eta hegoaldeko herrialdeen errealitatea ikustarazteko ere. «Irunen, adibidez, azken urteetan bertako miseriatik alde egiten duten migranteak ikusten ditugu. Leku askotan ez gara pobreziaz ari, miseriaz baizik. Miseria, pobreziatik ateratzea oztopatzen duen pobrezia da. Horregatik diot egiten dugun lana dela han bizitzeko baldintza egokiak sortzen saiatzea, hango herritarrek ez dezaten miseriatik ihes egiteko beharra izan», nabarmendu du Sotok. Horretarako, hainbat ikastetxetan solasaldiak eta bestelako ekintzak egiteko hitzarmenak sinatu dituzte. Kolonbian dauden kooperanteak itzultzen direnean, adibidez, bizi esperientzia kontatzeko solasaldi bat antolatuko dutela kontatu du Galanek. Bestalde, eskoletako ekintzez gain, kalean ere izaten dira udalek antolatzen dituen azoketan, egiten duten lana gizarteratzeko.
Guztia kudeatzea lan handia da Behar Bidasoako kideentzat. Urtez urte, GKEaren egitura zahartzen ari dela ikusi dute, eta arduraz azaldu dute elkartearekin kolaboratu nahi duen jendea topatzea gero eta zailagoa dela. Soto: «Laguntzeko prest dagoen jendea hurbildu da elkartera, baina laguntza puntuala emateko prest daude soilik. Goitik behera busti nahi duen jendea behar dugu. Egiten dugun guztia ongi ezagutzen duena. Horrek konpromiso bat eskatzen du». Une honetan sare sozialak lantzeko pertsona baten bila dabiltza. Arazo horri aurre egiteko erakundea profesionalizatzea pentsatu dute inoiz, baina oraingoz ez dute pauso hori emateko asmorik. «Era honetan lan egiteak sinesgarritasun handiagoa ematen digula uste dut. Etorkizunean, agian, aukera hori berriro aztertuko dugu».
Soto eta Galan modu ezberdinean batu ziren elkartera, baina, hainbeste urteren ondoren, arrazoi berberarengatik jarraitzen dute euren zereginarekin: beharra duten familiak laguntzeak dakarren poztasuna. «Lan handia da, baina merezi du», onartu du Galanek. Soto: «Besteak laguntzeak harrapatu egiten zaitu».