Udal euskaltegian izena emateko epea, zabalik
Izena emateko interesa dutenentzat, irailaren 18ra arte zabaldu dute epea. Era berean, ikasleek mailaketa proba egin beharko dute.
Honezkero, izena eman daiteke 2023-2024 ikasturtean zehar Irungo Udal Euskaltegiak eskainiko dituen euskara ikastaroetan. Nuria Alzaga udaleko Euskara ordezkariak adierazi duenez, interesdunek irailaren 18ra arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako, udal euskaltegia irekita egongo da 10:30etik 13:030era goizetan, eta 16:30etik 19:00etara arratsaldetan. Hortaz gain, izena eman ondoren beharrezkoa izango da mailaketa proba egitea, epe eta ordutegi berdinean.
Aurten, hainbat modulazioetako ikastaroak eskainiko dituzte, ordutegi eskaintza zabalarekin: egunero bi eta lau ordu arteko ikastaroak, astean bi egunetik bost artekoak, B2 eta C1 mailako probak prestatzeko ikastaroak, edota merkatari nahiz gurasoei bideratutakoak. Prezioa moduluaren araberakoa izango da, baina ikasleek udalak eskaintzen dituen bekak baliatuta prezioaren % 100a arte jasotzeko aukera izango dute.
Irungo Udal Euskaltegiaren ohiko ikastaroak urriaren 2an hasiko dira, eta 2024ko ekainaren 21ean bukatuko.
LANNAHI programa
LANNAHI programaren bidez, udalak debaldeko ikastaroak eskainiko ditu urriaren 2tik abenduaren 22ra langabezian dauden ikasleei, % 50eko edo gehiagoko ABEEan (Aldi Baterako Erregulazio Espedientean) daudenei, baita gehienez % 50eko lanaldia dutenei ere. Programa honen baitako ikastaroak goizekoak (egunero lau orduz, 09:00etatik 13:15era) edo arratsaldekoak (egunero hiru ordu, 15:30etik 18:45era) izan ohi dira.
Ikastaro hauetan izena emateko, udal euskaltegiko bulegoko ordutegiaz gain herritarrek HAZren autozerbitzu terminaletara jo dezakete, edo internetez SAC24h zerbitzuaren bidez (esteka honetan sakatuta).