Txinzerrek kaleak garbi mantentzeko dispositiboa antolatu du
Garbiketa brigadak eta birziklatzeko eremu bereziak antolatzeaz gain, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko dute datozen egunotan.

Aurtengo Guadalupeko Ama Birjinaren jaietan zehar Hondarribia garbi mantentzeko ahalegin berezia egingo du Txingudiko Zerbitzuakek. Izan ere, irailaren 11era arte 11.728 euro bideratuko dituzte kaleak garbi mantentzeko zerbitzuetara. Guztira, 55 lanaldi egingo dituzte datozen egunotan, eta aurrekontua % 53an handitu dute, Leire Zubitur zerbitzuaren kudeatzaileak adierazi duenaren arabera. Dispositibo bereziaren lema ‘Ospatu eta zaindu ingurumena! Gozatu jaiak arduraz eta birziklatu’ da.
Hondakinen sorrera murrizteko hainbat neurri hartu dituzte. Hala nola, birziklatzeko hamabost gune berezi egokituko dituzte, Butroi, san Pedro, Zezen plaza, Jostaldi, Arma plaza, Kasino Zaharra eta Azoka esparruan banatuta. Txosna bakoitzari birziklatzeko azpiegitura erraztu diete, baita txosnagunean eremu komuna jarri ere. Ohiko moduan, edalomtzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko da jaitan zehar (16.400 baina edalontzi gehiago banatuko dituzte txosnen artean). Era berean, Valentin Gonzalezek, hondakinen eta hiri-garbiketaren arduradunak, garbiketa-brigadak goizean goiz jende gehien biltzen diren eremuetatik igaroko direla aurreratu du, berauek urez garbitzeko.