"Maila handikoa" izan da Hondarribiko Gaztelua XI. Xake Aktibo Txapelketa
Atzo jokatu zuten jaietarako aurreikusi duten bi txapelketetako bat. Marlaxka klubaren arabera, "bikaina" izan zen atzoko lehia.
Atzo goizean Hondarribiko Gaztelua XI. Xake Aktibo Txapelketa jokatu zuten, jaietarako antolatu dituzten bi lehietako bat. Marlaxka klubaren arabera, “bikaina” izan da lehen txapelketa, “leku ikusgarriaz gain, maila handiko xakeaz” gozatu ahal izan baita. “Luxua izan da”, diote klubeko iturriek.
Euskal Herri osotik etorritako 50 xakelari baino gehiago lehiatu dira, suitzar sisteman hain zuzen. Sei txandetan izandako lehia estuaren ondoren, Iruñeko Orvina taldeko Pablo Urriza Irizibar izan da garaile. Bigarren postua Patxi Moreno Estebanezentzat izan da, eta Alex Odriozola igo da podiumeko hirugarren koskara. Eihartze Buiza Prieto izan da emakume onena, eta Jurgi Diaz Etxaide izan da klubeko onena.
Sarien ondoren, jokalari guztiek eta bertaratutakoek Klik elkarteak antolatutako luntxarekin gozatu zuten, giro ezin hobean.