Igor Enparan, Alardeko Musika Bandaren idatziaz: "Ez dut onartuko inolako purgarik"
Alardeko Musika Bandako kideei sinarazi dieten dokumentu baztertzailearen harira, alkateak hausnarketa egin eta bere iritzia eman berri du.
Joan den astean Guztion Alardeak egindako salaketaren harira, Igor Enparan alkateak hausnarketa egin eta bere iritzia eman berri du. Salaketa honen arabera, Hondarribiko Alardeko Musika Bandako kideei dokumentu bat sinarazi diete eta emakumeen partaidetza bermatzen ez duten bi adierazpen baztertzailerekin bat egitera behartu dituzte. Hemen irakur daitezke osorik.
Albistea sare sozialen bidez jaso duela esan du lehenik alkateak, “ez beste inondik”. Esku artean duen informazioaren arabera idatziak momentuz ez duela ondoriorik izan dio, “mehatxua existitzen den arren. Horregatik, ahal dudan moduan jarraipena egiten ari naiz”, esan du Enparanek ohar bidez.
“Herritarrek iiritzi askea emateko beldurraren aurka lanean” urteak daramatzala erantsi du, “elkarrizketarako eremua eraiki nahian eta horretarako beharrezkoak diren zubiak sortzen”. Horregatik, idatzi honek eragiten dion orori harekin harremanetan jartzera gonbidatu du. “Udaleko eta nire bulegoko ateak irekita daudela argi eta garbi esan nahi dut, eta babestu egingo ditudala, ez baitut onartu nahi inolako purgarik”.
Alardea “hondarribiar guztion ondare immateriala” gogorarazi du azkenik, eta “gizon zein emakumeen parte hartzea bermatzeko lanean jarraituko” duela.