Hilaren 16an lehiatuko dute Hondarribiko Grand Slamaren finala
Larunbatean jokatu zituzten finalaurrekoak: Johan-Basque eta Goikoetxea-Gorka arituko dira aurtengo edizioko finalean.
Herenegun Hondarribia Grand Slameko finalerdiak jokatu ziren Jostaldi pilotalekuan. Lehen norgehiagokan, Erkiaga-Lekerika Johan-Basqueren aurka aritu ziren. Lehen bikotea faborito bazen ere, aurreneko seta ezin parekatuagoa izan zen, gazteenen alde (14-15). Bigarrenean 15-10 gailendu ziren Erkiaga-Lekerika, eta hirugarrenean, 3-1 aurretik jarri baziren ere, Johan-Basquek markagailua irauli (4-5) eta finalera sarbidea lortu zuten.
Bigarren partidan, bada, ez zegoen faborito nagusirik. Alde batetik, Goikoetxea eta Gorka; Erik eta Lopez, bestetik. Goikoetxea zumaiarraren azken agerpena izan zitekeen Grand Slameko finalaurrekoa, baina 0-2 gailenduta (10-15 eta 8-15), finalean arituko dira hauek ere.
Aste honetan zehar 2023ko Hondarribiko jaiak ospatuko dituzte, datorren irailaren 11ra arte. Ondorioz, jaitan zehar txapelketa eten, kirolariek atsedena hartu, eta irailaren 16an (larunbatean) erabakiko da nor izango den aurtengo edizioko bikote txapelduna: Johan-Basque edo Goikoetxea-Gorka.