"Misoginiak gozatzen duen inpunitatea" salatzeko ekintzak egin dituzte Gauaren Emeek
Emakume gazte eta feminista taldeko kideak "nekatuta" daudela adierazi dute, "isiltasun honen konplize izatearekin". Berdintasuna aldarrikatzeko "26 urteko borroka latza" izan dela diote eta Jaizkibel Konpainiak "gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria" jasan behar izan duela.
Gauaren Emeak izeneko eskualdeko emakume gazte eta feminista talde batek zenbait ekintza egin ditu egunotan Hondarribian, “saminduta” baitaude “gure inguruan bizi dugun misoginiak gozatzen duen inpunitatea ikusirik”. Nekatuta daudela adierazi dute, “isiltasun honen konplize izatearekin” eta hala, feminismoaren ideiak zabaltzeari ekin diote. Herriko eragile eta alderdiak interpelatu nahi izan dituzte ekintza hauekin. Esaterako, Alarde baztertzaileari harrera egitea misoginia da esaldia daraman kartel bat jarri dute udaletxeko arkupetan.
Berdintasuna aldarrikatzeko 26 urteko borroka “latza” izan dela diote eta Jaizkibel Konpainiak “gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria” jasan behar izan duela, “erabateko bakardadean arituz”. Halere, justiziaren ideiari “gogor eta tinko” eutsi diotela erantsi dute.
Guztion Alardea taldea azaldu arte, emakumeen parte hartzea eta Jaizkibel Konpainia babestu duten herritarrak egon direla diote, eta herritar horiek babesten alderdi bat egon dela: EH Bildu. “Gizarte matxista batean bizi garenez, emakumearen aldeko apustua ez zaio merke atera alderdi honi eta bere militanteei. Gogor sufritu dute tradizionalen jazarpena, alderdi barruan eman zen haustura, egindako lanaren eta pairatutako sufrimenduaren errekonozimendu eza, eta abar luze eta mingarria”.
Aurrekariak
Atzera bota dute begirada Gauaren Emeak taldekoek eta zenbait aldaketa gogorarazi dituzte: 2018ko alardean Jaizkibel Konpainiak “jazarpen gogorrak” jasan zituela; 2019an alderdi guztiek konponbidearen aldeko elkarrizketa sustatu zutela; 2020 eta 2021ean Guztion Alardea mugimendua hazten joan zela; 2022an EH Bilduk bere ikerketa lanen ondorioak aurkeztu zizkiela alkateari eta Alarde Fundazioari; 2022ko ekainean alkateak galdera horri erantzuteko arazoak zituela aitortu zuela; eta 2023an Saindua Proposamena sortu zela Alarde Fundazio barrutik, taldekoentzat, “guztiz aurrerakoia ez den” proposamen bat eginez, izan ere, “25 urteko bizitza duen konpainia misto bat badago Hondarribian. Konpainia honi iskin egiten jarraitzea da haien proposamena. Bazterketa eta umiliazioa berriz ere berdintasunaren alde borrokan egon diren herritarrentzako”.
Koalizio subiranistak azaleratu duenaren ondorioz “Alarde Fundazioa arazo larritan” dagoela ere esan dute. “EAEn eskatu du erregistroa eta ukatu zaio, legea betetzen ez duelako, noski. Helegitea jarri dio erabaki horri eta berriz ere, galdu egin du. Azken saiakeran, Bilboko auzitegira eraman du gaia eta oraindik ez dakigu erantzuna”.
Bitarte horretan, “beste hainbat gertakari interesgarri” izan direla diote. Lehenik, Gora Gazteak konpainiari eskatutako diru laguntza publikoa ukatu zaiola diote, “berdintasun legea betetzen ez duelako noski”. Konpainia honek elkarte berri bat sortu duela diote (legea betetzen duena), “laguntza jasotzeko besterik ez”. Hau da, legeari, gizarte osoari eta bereziki emakumeei “iruzur egin, eta haien matxismoa harropuzkeriaz berretsi dutela” salatu dute.
Bigarrenik, Alarde Fundazioak ere elkarte berri bat sortu duela salatu dute (Hondarribiko Alardearen ondarea sustatzeko elkartea). Taldekoen arabera, elkarte honen estatutuetan ez dago irizpide baztertzailerik, hau da, emakumeen parte hartzea ahalbidetuta dago, eta asanblada orokor bat da elkartearen erabakimen organo gorena.
Hirugarrenik, Tanborrada konpainiak bere elkarteko estatutuak aldatu dituela diote, “ez berdintasunarekin kontzientziatu delako, honi ere, liburu bat argitaratzeko diru laguntza ukatu zitzaiolako baizik”. Horrez gain, orain emakumeak onartzen dituela diote.
Galderak Alarde Fundazioari eta udalari
“Koiuntura berri” honen aurrean, honako galderak bota dituzte taldekoek: “Ba al dago Guztion Alardea mugimenduaren barruan Tanborrada konpainian desfilatzen duenik? Emakume zein gizon, aukera bikaina daukate bertan parte hartzeko” eta “Garaiak aldatzen ari dira, eta badirudi, egungo praktika matxistak aldatzeko abagunea sortzen ari dela. Guztion Alardeak baliatuko al ditu aukera berri hauek emakumearen benetako parte hartzea lortzeko?”.
Guztion Alardea eta udal gobernuko Abotsanitz taldea interpelatu nahi dituzte, “alardearekin lotura zuzena izan baitu talde hauen sorkuntzak”. Orain arte konponbideari ekarpena egin dion talde bakarra EH Bildu izan dela nabarmendu dute, “urte luze hauetan borrokan hari zarenei babesa ematen, Jaizkibel Konpainia uneoro babestuz, behin ere ez atera pausorik eman gabe, haien militanteak lehen lerroan jarriz, instituzioetan auzia salatzen, etab”.
Ireki den bide berri honetan gainontzeko taldeek zer egingo duten ere galdegin dute.