Ander Sagarzazu eta Sandra Piera, Guadalupeko Igoeran garaile
Eguraldi euritsupean, lehen aldiz goizez antolatu zuen BATek lasterketa, eta inoizko parte hartze handiena izan zen: 194 korrikalari aritu ziren.
Iraileko lehen larunbatarekin batera, ohi legez, Guadalupeko Igoera lasterketa antolatu zuten herenegun, berrogeita bosgarrenez. Lehen aldiz, goizez antolatu zuten lasterketa, eta eguraldi euritsua ez zen oztopo izan 194 lasterkari 10:30ean ibilbidea ekitera abiatzeko. 4,72 kilometroko luzera du eta 180 metro igo behar izan zituzten. Inoizko parte hartze handiena izan dela ohartarazi dute BAT taldeko antolatzaileek, % 20ean hazi da parte hartzea aurten.
Gizonezkoetan, Ander Sagarzazu korrikalariak bosgarrenez eraman zuen garaikurra etxera. 16 minutu eta 52 segundo behar izan zituen, Aritz Garin bigarren sailkatuak (17:15) baina 23 segundo gutxiago. Gizonezko podiuma Beñat Bengoetxea hondarribiarrak osatu zuen, 17 minutu eta 32 segundoko denborarekin.
Emakumeen artean, aurrez lasterketa irabazi duen norbait gailendu zen ere: Sara Piera irundarrak 20 minutu eta 15 segundo behar izan zituen. Haren atzetik aritu ziren Olatz Zabala (20:48) eta Marina Gonzalez (21:28), irundarrak haiek ere.
Sailkapenak Kirolprobak plataformaren webgunean kontsultatu daitezke.