[Argazkiak] Ama Guadalupekoa, hamabosgarrena poltsikoratzeko "prest"
Ama Guadalupekoako arraunlariak "indartsu eta ilusioz" daude iganderako, atzo lortutako bigarren postuaren ondoren. Emakumeak berriz, "posturen bat harramazkatzera" joango dira igandean.

Atzo jokatu zuten Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia Hondarribia AEko emakume eta gizonezkoek. Bereziki fin aritu zen Ama Guadalupekoa, bandera eskuratzeko faboritoetako bat dela berretsi baitzuten atzo.
Urdaibai, Orio, Donostiarra eta Zierbenearekin orpoz orpo ibili ziren hondarribiarrak, lehen txandan azkarrenak izan ziren. Halere, Urdabaik aurrea hartu zion itzuliko luzean, hori bai, segundo oso gutxira jarri dira. Itzuliko luze horretan buruari eutsi zioten Hondarribia AEko gizonek, baina buru ziren lau ontzien arteko aldea gutxitzen joan zen. Hala, bigarren postua eskuratu zuten atzo, Urdabairen atzetik eta Donostiarra, Orio eta Zierbenaren aurretik.
Ioseba Amunarriz patroiak HITZAri kontatu dionez, “estropada oso gogorra” izan zen atzokoa: “Irabaztera atera ginen, baina bote asko gaude segundo oso gutxira, zorte onena duenak irabaziko du”.
Hamabosgarren Kontxa irabazteko “prest” daudela dio: “indartsu gaude, ilusioz. Hankak lurrean ditugu, eta badakigu lan oso ona egin beharko dugula, baina irabazteko prest gaude”, dio.
Hemen gizonezkoen emaitza guztiak kontsulta daitezke.
Emakumeek ere “sentsazio onekin” bukatu zuten atzoko lehia, hori dio Maider Perez arraunlariak. Seigarren izan ziren (10:59.32) atzoko saioan, Hibaikaren atzetik eta Zumaiaren aurretik. “Bigarren txandarako haizeak gora egin du, joanekoan gustura ibili gara baina bueltan haizea kontran izan dugu”, esan zion atzoko estropada bukatu berri HITZAko kazetariari. “Datorren igandekoa polita izango da, dena irabazten saiatuko gara eta ea posturen bat harramazkatu dezakegun”. Helburuei erreparatuta, besteak beste, bosgarren postu hori mantentzea eta Hibaika aurreratzea izango dutela erantsi du.
Emakumeen emaitza guztiak, lotura honetan.

Emakume arraunlariak, atzoko, Donostian.