Aduana Zaharra Memoria Historikoari lotzeko beharra adierazi dute
Elkarrekin Irunek Memoria Historikoaren gunea Aduana Zaharrean kokatzeko eta elkarteen lana aitortzeko aukera galdu dela deitoratu du.

Joan den ostiralean udalbatzako talde politiko guztiek bat egin zuten, 87 urte bete baitira altxamendu frankistak Irun okupatu zuenetik. Elkarrekin Irunek, Ezker Batuak eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioaren bozeramaileak, David Nuñok, adierazpen instituzionala kaleratzeko negoziazioan bosgarren adostasun puntu bat ezabatu zela deitoratu du, ordea. Hura Aduana Zaharra erakinean Memoria Historikoari gune bat eskaintzearen ingurukoa da.
Bozeramailearen arabera, “ausarta” litzateke aipatu konpromisoa, “Memoriaren Bulegoaren lana eta talde eta elkarte memorialistek hainbeste hamarkadetan ahaztutako pertsonak berreskuratzeko lanean erakutsitako borondatea berretsiko baitzituzkeen”. Hori horrela, adierazpenarekin batera aukera hori galdu dela iritzi dio, baina elkarteekin parte hartuz Elkarrekin Irunek helburutzat duela Memoria Historikoaren gunea Aduana Zaharrean kokatzea, eta lanean jarraituko duela.
Bestalde, koalizioak adierazi du memoria historiko eta demokratikoa berreskuratzeko lana errepresio frankistaren biktima guztiei zuzendu behar zaiela, eta ez soilik “modu batera edo bestera gerra jasan zutenei”.