‘Sorotan Bele gogoan’ herrira bueltan, murrizketarik gabe
Gogoz. Gogoz geratu ziren hondarribiar asko 2021ean Kasino Zaharrean egin ziren Sorotan Bele gogoan-en bi kontzertuetara joateko. Pandemia garaia zen, pertsonen aforoa neurtuta zegoen, eta elkarren arteko distantzia zen nagusi. Baina, oraingoan, bai. Oraingoan zutik eta dantzatzeko aukerarekin, jaien azken egunean (hilaren 11n) Kai Zaharreko oholtzak jasoko ditu talde hondarribiarraren kanta klasiko denak, 21:00etan, festak bukatzear direnean.
Duela bi urtekoarekin alderatuz ezberdina izango da 11koa. Izan ere, Gorka Sarriegi eta Urbil Artola kideez gain, Aitor Etxaniz eta Ritxi Salaberria Sorotan Beleko kideak batu zaizkielako. Gainera, Hondarribiko Hiria Musika Bandak are handiago egingo du ikuskizuna.
Sorotan Bele gogoan-ekin bira egina dute, baina saio gehienak areto itxietan izan ziren. Horregatik, Urbil Artolak esan du jai girora itzultzea «berezia» izango dela. Musikariak denbora behar izan du elkartze horretara egokitzeko, baina ja gustura dago, «azkeneko emanaldietan konturatzen ari naiz jendearen sentsazioez, erreakzioez, eta bitxia da». Izan ere, duela 30 urte utzi zion jotzeari Sorotan Belek, eta Artola harrituta dago adin ezberdineko jendea bertaratzen ari delako ikuskizunera, «90 urtekoak badira, baita bere garaian zuzenean ezagutu ez gintuztenak ere, 0 eta 30 urte artekoak alegia». Hondarribiar askok festaren ajeaz gain, aje emozionala ere izango dute, ziur.