Mineralen irteera bat, Lapurriturriren hurrengo proposamena
Aiako Harriko informazio puntuak 'Mineralen tailerra' jarduera antolatu du hilaren 16rako. Izen-emateak hilaren 2tik 13ra bitartean egin behar dira.
Lapurriturriko Informazio Puntuaren denboraldiak aurrera darrai, eta proposamen berri batekin dator. Eskola ikasturtea hastearekin batera, ‘Mineralen tailerra’ izeneko jarduera ondu dute hilaren 16rako, larunbata. Irteera 11:00etan hasiko da Lapurriturriko Informazio Puntutik, eta inguruko mineralak ezagutuko dituzte, oinezko ibilbide bat eginez.
Lapurriturrik aurreratu du irteeran parte hartzen duten pertsona guztiek “bertatik bertara” ezagutuko dituztela inguruko arrokak eta mineralak, baita elementu natural horien erabilerak ere. Joko bat ere egingo dutela jakinarazi dute, eta joko horretan, mineral batzuk dagokien fitxarekin lotu beharko dituzte. Horrez gain, informazio puntutik gomendatu dute mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea.
Mineralak ardatz dituen jarduera herritar orori zuzenduta dagoela adierazi du Aiako Harrian kokatuta dagoen guneak, bereziki 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako. Izen-emateak hilaren 2tik 13ra egin behar dira, 010 telefonora deituta edo Irungo Udalaren webgunearen bidez.
Lapurriturriren 2023ko denboraldia maiatzaren 28an jarri zen martxan hegaztien inguruko irteera batekin. Udan zehar, hainbat izan dira antolatu dituzten jarduerak. Azkena, esaterako, abuztuaren 26an egin zuten. Jarduera hartan, parte hartzaileek Aiako Harriko inguruko zuhaitzak ezagutu zituzten.
Informazio puntutik zehaztu dute udan eta udazkenean jarduera gehiago egingo direla, eta Lapurriturriren arreta ordutegia gogorarazi dute: ekainetik urrira bitartean, asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara.