Ireki dute Irungo Emakumeen Etxea
Ateak ireki dituen arren, lehen jarduera, Emakumeentzako Ahalduntze Eskola, urrian izango da. Instalazioak erabilgarri daude eta zerbitzu gehienak urrian jarriko dira martxan.
Emakumeen Ahalduntze Eskolaren berri emateko deialdia egin du gaurko Irungo Udalak Emakumeen Etxean (Istillaga plaza). Baina, albiste bada ere gaurtik aurrera irekita dagoela Irungo Emakumeen Etxea, nahiz eta bertan eskainiko dituzten zerbitzuak urrira arte ez diren aktibatuko.
Beraz, iraila, espazio kuxkuxeatzeko hilabete aparta izango da interesa duen ororentzat, baita bertako espazioak lan egiteko edota soilik egoteko erabili nahi dutenentzat. Aurrerago aurkezpen ofiziala egiteko asmo du udalak, baina HITZAk aurrera dezake erabilera anitzeko gela handi bat, bilerak egin edota elkartzeko beste gela bat, hainbat bulego edota liburutegi bat badituela. Gela horietako batzuen izenak, esaterako, Julia Iruretagoiena edota Lamiak dira.
Gainera, erakusketentzako horma zuri luze bat ere prest dago jada. Jaione Franco, esku hartze komunitarioko teknikariak zehaztu du espazioaren diseinua feminismotik begira egindakoa dela. “Gauza asko hartu ditugu kontutan espazioa diseinatzerako orduan”.
Ildo horretan, Istillaga plazan dauka atari nagusia, baina eraikinaren atzeko aldean, Santiago kaletik sarbidea duela, anonimotasuna gorde nahi duenentzako beste ate bat dauka. Horrez gain, haurrentzako jolas gune bat ere badago eta gela horrek irteera zuzena dauka Istillaga plazako Euskal Jai pilotalekura. “Etxe osoa zeharkatu gabe irten ahal izateko”.
Orain, Emakumeen Etxea elkartearekin hitzarmena sinatzeko pausuak ematen ari dira, eta hori egindakoan, eskainiko diren zerbitzuen berri emango du udalak. Bien bitartean, goizez zein arratsaldez egongo da irekita, 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
Emakumeen Ahalduntze Eskolak
Aurten ere egingo dira emakumeen autonomia eta konfiantza hobetzea eta sustatzea helburu dituen tailer eta ikastaroak. Horien aurkezpena egin du gaur Cristina Laborda Berdintasun zinegotziak eta adierazi du eskolarekin “emakumeen ongizatea bultzatu eta sendotu” nahi dutela.
Urrian hasi eta otsailean bukatuko dira ikasturte honetako ahalduntze eskolak. Segidan, 2024eko urtarrilean beste denboraldi bati ekingo diote eta beste jarduera programa batzuk iragarriko dituzte. Balantze gisa Labordak oroitu du iazko eskoletan 181 emakumek hartu zutela parte antolatu zituzten 8 ikastaroetan.
Izen ematea irekita dago jada eta horretarako udalaren orrialdera jo behar da. Pertsona edukiera mugatua da eta izena eman den hurrenkeraren arabera egingo dituzte plaza esleipenak.
Bestalde, ahalduntze eskolez aparte, komunikazio positiboari eta autoestimuari buruzko tailerra berriz ere martxan jarriko dutela urriaren 4ean adierazi du zinegotziak: Lana, bikotea, seme-alabak, gurasoak… eta ni, noiz?. Tailerrak xede du bertaratuko diren emakumeen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen laguntzea, “komunikazio positiborako laguntzen duten teknika batzuk ikasiz”.
Azken urteetan, harrera oso ona izaten ari dela ikastaroa nabarmendu du Labordak. Parte hartzeko ez da deus ordaindu behar eta 18 urtetik gora eduki behar dira. Hori bai, lehentasuna izango dute Irunen erroldatuta dauden emakumeek.
Urriaren 4ean hasiko da (asteazkena), eta bi txanda edukiko ditu: goizez, 10:00etatik 12:00etara, eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara. Inskripzioak irailaren 4tik 18ra egin beharko dira, Irungo Udalaren orrialdean.
Artea eta errebeldia: Antzerki-tailerra
- Data: urriaren 5etik azaroaren 30era. Ostegunetan.
- Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara.
- Iraupena: 8 saio
- Laburpena: Antzerkiko teknika eta baliabide pedagogikoen bidez (gorputza, ekintza edo emozioa), ikastaro horretan parte hartzen duten emakumeek komunitatean moldatzen, iritziak ematen eta hobekuntzak proposatzen ikasiko dute. Nabarmendu behar da ikastaro hau Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak proposatuta sortu dela.
Autoezagutzarako astrologia
- Data: urriaren 2tik azaroaren 11ra. Astelehenetan.
- Ordutegia: 18:00tatik 20:00tara.
- Iraupena: 11 saio
- Laburpena: Astrologia zientzia bat da astroen kokapena eta mugimenduak eta horiek munduko pertsonengan eta gertaeretan duten eragina aztertzen dituena, eta ikastaro horretan parte hartzen duten emakumeek beren karta astrala ulertzen ikasiko dute, nork bere buruaren ezagutzan sakonduz.
Emakumeen artean kantua berreskuratzen
- Data: urriaren 6tik azaroaren 22ra. Ostiraletan.
- Ordutegia: 18:00-20:00
- Iraupena: 10 saio
- Laburpena: Ikastaro horretan parte hartzen duten emakumeek beren emozioak adierazi, lan-taldeak indartu, oinarrizko eskubideak aldarrikatu, istorioak kontatu ahalko dituzte kantuaren eta musikaren bidez.
Gorputz paisaia
- Data: urriaren 18ik azaroaren 20ra. Asteazkenetan.
- Ordutegia: 18:00tatik 20:00tara.
- Iraupena: 8 saio
- Laburpena: Tailer horretan parte hartzen duten emakume guztiek beren gorputzarekiko harremana hobetu eta indartu ahal izango dute, hainbat dinamiken bidez (dantza, antzerkia, performancea), aniztasuna esploratu eta beste gorputz mota batzuetan bizitzeko.
Nire zentroan errotzea: Autozainketa eta Ahalduntzea
- Data: urriaren 3tik azaroaren 12ra. Asteartetan.
- Ordutegia: 16:00tatik 18:00tara.
- Iraupena: 10 saio
- Laburpena: Tailer horretan parte hartzen duten emakumeek beren ahalduntzea bultzatu ahal izango dute, mindfulness, talde-dantza eta mugimendu jariakorra bezalako tekniken bidez.