Herriko altuenak dantzan jarriko dituzte
Erraldoiak eta buruhandiak Euskal Herriko festa guztietan daude. Ia-ia Olentzero eta Mari Domingiren irismen indarra dutela esan daiteke. Gainera, haurrentzat fantasia mundu bat dira. Hondarribiko jaiak hastear dira eta herriko kale koloretsuak are koloretsuago egitera irtengo dira Izugarria Erraldoien eta Buruhandien Elkartekoak. Trikitia izango dute lagun, titibilitia protagonista ez den hilaren 8an izan ezik, egun horretan ez baitute desfilatuko.
Izugarriak konpartsak Hondarribiko Udalaren buruhandi eta erraldoiak ateratzen ditu dantzara. Normalean, sei erraldoi, antxoa eta balea ateratzen dira, handientzako eta txikientzako seina buruhandirekin batera. Horrez gain, hilaren 9an eta 11n zezensuzkoak dantzan jarriko dituzte San Pedro kalean, 21:00etan hasita.
Pandemiak kultur elkarteak gogor kolpatu zituen, eta Izugarriak taldea ez da salbuespena izan, Igor Eskamendi elkarteko lehendakariaren arabera. «Bi urte hauetan kanpora irteteko eskaintzak jaso ditugu, baina ez dugu aukerarik izan. Jendea behar dugu». Parte hartzeko konpromisodun 16 urtetik gorako jendeari egin dio dei Eskamendik. «Denok nahi dugu jaiez gozatu, eta parrandan ateraz gero, hurrengo goizean kosta egiten da erraldoiak eramatea». Sasoi onean egotea ere beharrezkoa dela esan du, erraldoiek 30 eta 40 kilo artean pisatzen baitute. Irteeren berri izateko, joan hondarribia.eus orrialdera.