Fran Justo: "Bartzelonara joateko eta partida aurrera ateratzeko gai gara"
Real Unionek Bartzelonan jokatuko du igandean ligako bigarren partida Bartzelonaren bigarren taldearen aurka, 20:30ean. Liga hasiera onari jarraipena eman nahi diote txuri-beltzek.
Ligako estreinako partida irabazi eta Federazio Kopan autonomia erkidegoko finalerako sailkapena lortu ondoren, Real Union igandean itzuliko da lehiara ligako bigarren jardunaldiko partida jokatzeko. Txuri-beltzek Bartzelonan jokatuko dute Bartzelonaren bigarren taldearen aurka, 20:30ean, Johan Cruyff zelaian. Irundarrek bi garaipen lortu dituzte orain arte jokatutako bi partidetan; kataluniarrek, aldiz, Logroñesen aurka galdu zuten ligako lehen norgehiagoka.
Fran Justo entrenatzailearen aroa bide onetik hasi dute txuri-beltzek eta bolada on horri jarraipena ematen ahaleginduko dira Bartzelonan. Honakoa esan du prestatzaile galiziarrak igandeko arerioaren inguruan: “Badakigu irteera zaila dela, nire ustez maila honetako irteera guztiak izango diren bezala. Lehen egunean gertatu zen guztia ikusi genuen, berdintasun izugarriarekin, exijentzia izugarriarekin. Igandean antzeko zerbait aurkituko dugu”.
Lehia “zaila” aurreikusi arren, Real Unionek partida irabazteko bere “armak” dituela azaldu du Justok: “Gure armak ditugu, gure joko eredua garatzen ari gara. Partida osoa, serioa, luzea… egiten saiatuko gara eta badakigu horrela egiteko gai bagara gure helburua den partida irabazteko aukerak izango ditugula”.
Irundarrek min hartuta dituzten jokalariak dituzte, baina bajak izan arren, Bartzelonara joan eta “partida aurrera ateratzeko gai” direla argi utzi du txuri-beltzen prestatzaileak: “Egia da ez dugula zorterik izan. Lehen jardunaldian parte hartu ezin izan zuten bost futbolari izan genituen. Baina egia da, baita ere, osasuntsu dauden jokalari gehiago ditugula min hartuta daudenak baino. Real Unionek jokalari asko dituela esan nuen eta hori berresten dut. Bartzelonara joateko eta partida aurrera ateratzeko gai gara”.