Bidasoa Irunek gaur itxiko du denboraldi aurrea
Irundarrek datorren larunbatean hasiko dute Asobal Liga Artalekun Bartzelonaren aurka, eta gaur denboraldi aurreko azken lagunartekoa jokatuko dute Paun Billère Handball Pau-Pyrenées taldearen aurka.
Bidasoa Iruneko gizonen talde nagusiak gaur itxiko du denboraldi aurrea, hurrengo asteburuan hasiko baitute 2023-2024 sasoiko Asobal Liga. Hurrengo astetik aurrera, Jacobo Cuetararen mutilak buru-belarri hasiko dira prestatzen denboraldiko lehen partida ofiziala. Estreinako partidako arerioa ez da makala izango, azken urteetan nagusi izan den Bartzelonak bisitatuko baitu Artaleku datorren larunbatean (hilak 9, 16:45ean).
Bien bitartean, irundarrek gaur jokatuko dute denboraldi aurreko azken lagunarteko partida Billère Handball Pau-Pyrenées taldearen aurka, 19:00etan, Pauko Sporting D’Este pabiloian. Gaurkoa izango da liga hasi baino lehen indarrak neurtzeko bidasoarrek jokatuko duten azken partida.