Txingudi Errugbi Taldeak prest du denboraldi berria
Denboraldi aurreak aurrera doaz, eta errugbi talde bidasoarrak jakinarazi du hainbat aldaketa izan direla klubean, gehienbat entrenatzaile eta kudeatzaile karguetan.
Denboraldi berria hastear da, eta Txingudi Errugbi Taldeak jakinarazi du hainbat aldaketa izango direla taldeetan sasoi berriari begira, gehienbat entrenatzaile eta kudeatzaile karguetan.
Klubak zehaztu du aldaketa nabarmenena emakumeen senior taldean eman dela. Nesken taldea iazko sasoian sortu zuten, eta aurten Euskal Ligan lehiatuko dira. Emakumeen egiturako ardura Maider Aizpuruak eta Asun Gamindezek hartu zuten iaz. Aurten, baina, beren egitekoa aldatuko dute, taldearen ordezkari izango baitira. Haien ordez Asier Gonzalez arituko da nesken prestatzaile gisa. Gonzalezen laguntzaileak, aldiz, Alejandro Lasa eta Joao Costa izango dira. Horrez gain, Txingudik adierazi du Euskadiko Errugbi Federazioak datozen asteetan zehaztuko duela aurtengo Emakumeen Euskal Liga. Liga hasierara begira, taldea “ilusioz eta gogor” lanean ari dela iragarri du klubak.
Harrobiko taldeetan ere aldaketak egon dira sasoi berrirako. 16 urtez azpikoen entrenatzailea Keoma Pacheco izango da, eta 18 urtez azpikoena, Peio Castellano. Bi taldeek, gainera, Koldo Alonsoren laguntza izango dute. Klubak nabarmendu du Bidasoa eskualdeko errugbia “bolada oparoa” bizitzen ari dela gazte mailetan, eta bi taldeen artean berrogei jokalari izango dituztela aurreratu du Txingudik. Aurtengo denboraldian, 16 urtez azpikoek Baztan Menditarrakeko jokalariekin osatuko dute taldea, eta 18 urtez azpikoek, berriz, Donostiako Bera Berakoekin.
Errugbi eskolari eta 14 urtez azpikoen taldeari dagokionez, taldeek ez dituzte aldaketarik izango, Iñigo Aizpurua eta Iñigo Camarero izango baitira haien arduradunak, hurrenez hurren. Camareroren mutilek abuztu hasieran hasi zuten denboraldi aurrea, eta bi lagunarteko partida lotu dituzte jada. Lehena irailaren 16an jokatuko dute Plaiaundin, Atletico San Sebastianen aurka. Bigarrena, aldiz, irailaren 23an lehiatuko dute Lekarozen (Nafarroa), eta arerioa Baztan Menditarrak taldea izango da.
Prestatzaile aldaketez gain, klubaren zuzendaritzan ere aldaketak izango dira, Xabi Sanchezek Patxi Garciaren lekukoa hartuko baitu klubaren koordinatzaile lanetan.
Euskal selekzioko deialdiak
16 urtez azpiko Euskal selekzioak sasoiko lehen deialdia egin du, eta orotara, Txingudiko zortzi jokalari deitu ditu: Hodei Aizpurua, Aimar Etxebeste, Oier Oliveira, Aimar Iturre, Aritz Arrieta, Ewan Little, Jakobe de la Serna eta Aiert Mendizabal. Larunbat honetan, irailak 2, izango dute entrenamendua, Zarauzko Asti zelaian.
Munduko Txapelketa, klubaren tabernan
Datorren astean gizonen errugbiko Munduko Txapelketa hasiko da, eta klubak jakinarazi du txapelketa horretako partida batzuk Txingudi Errugbi Tabernan ikusi ahal izango direla. Estreinako norgehiagoka datorren ostiralean jokatuko da, irailak 8, Frantzia eta Zeelanda Berriaren artean. Hala ere, Irungo Kale Nagusiko tabernan jarriko duten lehen partida ez da hori izango. Errugbilariek jarriko duten lehen partida igandean izango da, irailak 10. Japonia eta Txile arituko dira nor baino nor, 13:00etik aurrera.
Klubak adierazi du irailaren 8an eta 9an Txingudi Errugbi Taberna itxita egongo dela.