Real Union, Federazio Kopako autonomia erkidegoko faseko finalera
Txuri-beltzek txapelketako finalerako sailkapena lortu zuten bart Arenas garaitu ondoren (0-1). Derio izango da irundarren arerioa finalean.
Real Union Federazio Kopako autonomia erkidegoko faseko finalean izango da bart Gobelan (Getxo) Arenas garaitu ondoren (0-1). Txuri-beltzek bide onetik hasi dute aurtengo sasoia. Iragan asteburuan ligako lehen partidan garaipena lortu zuten (Real Union 2-1 Sabadell), eta orain, Federazio Kopako autonomia erkidegoko finalerako sailkatu dira. Finaleko arerioa Derio izango da. Talde bizkaitarrak Leioa menderatu zuen atzo, finalerako sailkapena lortuz.
Fran Justoren jokalariak Arenas baino hobeak izan ziren lehen zatian, eta lehen zatia bukatzear zela sartu zuen Alex Cerdak partidako gol bakarra (42. minutua). Bigarren zatian etxeko taldeak asko bultzatu zuen markagailua iraultzeko asmoarekin, eta norgehiagoka berdintzeko aukerak izan zituzten. Irundarrek, baina, markagailuari eustea lortu zuten.
Irundarren egutegiak ez du etenik izango, igandean jokatuko baitute ligako bigarren jardunaldiko partida. Bartzelonaren bigarren taldea izango da txuri-beltzen aurkaria. Bartzelonan jokatuko dute, Johan Cruyff zelaian, 20:30ean.