Bueltan dira aurrekontu parte hartzaileak
Prozesu orokor eta gazterako proposamenak irailaren 14tik 18ra bitartean bidali beharko dira. Guztira, 1,5 milioi euroko aurrekontua zertan erabili erabakiko dute herritarrek.
Hilabete honetan martxan jarriko da partaidetza bidezko aurrekontuen 2024ko edizioa, bederatzigarrena. Proposamenak bidaltzeko bi modu izango dira, online edota aurrez aurreko bilerak. Finalera hamasei proposamen iritsiko dira.
Aurtengoan 1.500.000 euroko aurrekontua bideratu dute prozesura. Horietatik 1,3 milioi euroren erabilera prozesu orokorraren bidez erabakiko da, 16 urtetik gorakoen artean. Bestetik, 200.000 euroren erabilera gazte prozesuaren bidez hautatuko da, 16 eta 30 urteen bitartean dituztenen artean.
Proposamenak online bidaltzeko udalaren orrialdetik egin behar da irailaren 14tik 18ra bitartean. Jasotzen dituzten proposamen guztien artean, aurretiko online bozketa baten bidez hamar aukeratuko dituzte, 2024ko aurrekontu orokorra zein proiektuk osatuko duten bozkatzeko.
Gero, onartzen diren proposamenen artean egingo den bozketa urriaren 3tik 4ra luzatuko da eta gehien bozkatutako horiek azken bozketara pasako dira. Irun txartela erabili behar da parte hartzeko.
Bestetik, aurrez aurre proposamenak egiteko aukera ere egongo da eta horretarako sei bilera egingo dituzte eta bilera bakoitzetik hiru ideia aukeratuko dira. Honako egun hauetan izango dira elkartzeak:
- Irailaren 13an, 19:00etan, Palmera Monteron.
- Irailaren 18an, 19:00etan, Luis Mariano zentro sozialean.
Finalistak izango diren proposamenak udalaren webgunean argitaratuko dituzte eta azken bozketak urriaren 6tik 10era egin beharko dira orrialde horretatik bertatik. Aurten, gainera, Auzo Elkarteen Federazioak lau proiektu finalista aurkeztuko ditu.
Gazte prozesua
Gazteengana iristeko online komunikazioa areagotu egingo dutela iragarri du udalak, “gazteak egunerokoan gehien erabiltzen dituzten bideetatik erakartzeko”. Era berean, batxilergoko eta lanbide heziketako institutuekin lankidetzan ariko dira.
Gazteen proposamenak bozkatzeko epea urriaren 6tik 10erakoa izango da, eta boto gehien jasotzen dituztenak aukeratuko dira, 200.000 euro osatu arte. Bozketa hori baino lehen hamasei proposamen baino gehiago jasoz gero, aurretik beste bozketa bat egingo dute urriaren 3tik 4era bitartean.