Jolas parke bat eta egoteko gune bat, aurki Larreaundin
Iberdrolaren azpiestazioa kokatua zegoen partzela berreskuratzeko eta eraberritzeko lanak egiten ari dira.
Larreaundi auzoko erdialdean, San Frantzisko Xabier eta Txumi Erreka kaleen artean dagoen partzelan, gunea eraberritzeko lanak egiten ari dira, eta jarduketa horiek bisitatu zituzten atzo Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Roberto Iparragirre auzo elkarteko lehendakariak. Laster, auzoak gune eraberritu bat izango du, eta auzotarrek haurrentzako jolas parke bat eta egoteko gune bat izango dituzte Iberdrolaren azpiestazioa kokatuta zegoen lekuan.
Labordak adierazi zuen pandemia aurreko proiektua dela honakoa. Partaidetza prozesu bat abiatuta eta inguru osoan hainbat erabilera garatzeko konpromisoa hartuta hasi zituzten Larreaundiko jarduketak.
Lanak bi fasetan gauzatuko dituzte, eta lehenengoa martxan da jada. Lehenengo fase horren helburua da hiriak Iberdrolaren azpiestazioa zegoen partzela berreskuratzea. Gune horretan, aurrez aipatu bezala, haurrentzako jolas parke bat eta egoteko gune bat sortuko dituzte. Partzela horretan aisiarako bi gune eraikiko dituzte, bi mailatan egongo direnak. Bi gune horiek lotzeko, gainera, eskailera eta arrapala txiki batzuk jarriko dituzte.
Orain arteko lanei dagokionez, lur mugimenduak eta bi plataformak sortzeko fabrika lanak burutu eta eremu berria eta ingurua lotzeko eskailera eta arrapalak eraiki dituzte. Horrez gain, zerbitzu guztietako azpiegitura ere instalatu dela zehaztu zuen Obretako ordezkariak: argiteria, saneamendua eta hornikuntza. Momentu honetan, zolagaina jartzeko lanak egiten ari dira: bi plataformen oinarriak bukatu dituzte, eta baldosak jartzen hasi dira.
Datozen egunetan baldosak jartzen jarraituko dutela aurreratu zuen Labordak, eta lanak iraila erdialderako bukatzea aurreikusten dutela gaineratu zuen. Zolagaina jartzeko jarduketak bukatuta, jolasak, kaleko altzariak eta luminaria publikoak jarriko dituzte, eta lan horiek urri erdialderako bukatzea aurreikusten dute.
Lehenengo fasea bukatuta, bigarrenari ekingo diote. Jarduketa horietan eskolaurreko eraikina zenaren ingurua hedatzea dute xede, eta erabilera sozialak eta aparkatzeko tokiak ezarriko dituzte. Jarduketen aurrekontua 374.773,64 eurokoa da, BEZa barne. Lanak egiteko epea bost hilabetekoa da, eta enpresa esleipenduna, aldiz, Construcciones Otegui Gaztañaga SL.