Irungo AEK-k prest du ikasturte berriko eskaintza berezia
Orotara, zazpi ikastaro abiatuko ditu euskaltegiak ikasturte berrian. Ikasleek gai ezberdinak jorratu ahal izango dituzte, euskalduntzea eta euskaltasuna ardatz.
Irungo AEK Euskaltegiak eskaintza berezia prestatu du 2023-2024 ikasturterako. Orotara, zazpi ikastaro abiatuko dituzte ikasturte berrian. Ikastaro horien bidez, ikasleak gai ezberdinetan sakondu eta entzumena, irakurmena, idazmena eta mintzamena lantzeko aukera izango dute. Horrez gain, gai horietatik abiatuta, AEK-k adierazi du euskalduntze eta euskaltasunetik gaiaren muinerako joan-etorri mugagabean arituko direla ikasleak. Azkenik, euskaltegitik azaldu dute izena ematen duten pertsonek ez dutela aurretiko ezagutzarik behar. Ikasleek behar duten bakarra da “euskalduntzeko gogoa eta jarrera parte hartzailea” izatea.
Honakoa da Irungo AEK-ren ikastaroen eskaintza berezia:
- Hika taldea: Ikastaro horretan euskararen tratamendu informala, hika, landuko dute iaksleek. Batetik, erabilera arauak, eta bestetik, praktika. Aurrez aurreko saioak izango dira, eta talde-lanean arituko dira.
- Eusk(ahal)duntze taldea: Ikastaro horretan euskalgintzaren aldekoak ez diren eremu soziolinguistikoetan euskaraz bizitzeaz dakartzanak aztertu eta horiei nola aurre egin landuko dute taldean.
- Kulturgintzatik abiatuta euskalduntzen: Kultur erreferentziak lantzea euskarazko helduen alfabetatze prozesuaren parte ere bada eta ikastaroan horietan sakonduko dute. Bereziki musika, bertsolaritza, literatura edota antzerkia landuko dituzte.
- Zure ofiziotik abiatuta euskalduntzen: Ikastaro horretan norberaren lanera egokitutako euskara ikasiko dute ikasleek. Norberaren euskalduntze prozesua norberaren lanpostuak eskatzen dituen beharrizanetatik hasiko dute, eta haietan sakondu.
- Alfabetatze tailerra: Ikastaro horretan ahozko jarduna idatzizkoa bilakatzen ikasiko dute ikasleek, horretarako behar diren egitura eta arauak euskara batuan landuz. Horrek guztiak edozein arlotan euskaraz eroso bizitzeko baliabideak eskainiko ditu; hala nola, literaturaz gozatu, administrazioarekin harremana izan edota hedabideak kontsumitu.
- Mintza taldea: Ahozko elkarreraginean oinarrituta dago ikastaroa, eta eguneroko mintza-praktikan aurkitzen diren “trabak” eduki bihurtzen dituzte, eta berariaz landu. Azken sei urteetan formatu horretako bina talde izan dituzte, goizez bata eta arratsaldez bestea.
- Idazketa sortzailea: Ikastaro horretan norberetik abiatuta landuko dute sormena, idatziz batez ere. Gainerako taldeetan, landu bai, baina ekoiztea ezohikoagoa den testu-generoetan murgilduko dira: ipuina, komikia, txistea, poesia edota gorazarrea.
Ikastaro berezi horiek, gainerako guztien moduan, Irungo Udalak diruz lagunduko dituela jakinarazi du AEK-k. Informazio gehiagorako, helbide elektronikoa, 943 62 88 34 telefonoa eta 688 74 66 33 telefonoa (WhatsApp) ahalbidetu ditu euskaltegiak.