Kale inkestak, adinekoen ongizaterako ekintza plana zehazteko
Irailaren 4tik aurrera egingo dituzte inkestak. Asmoa, gizarte gaiei buruzko iritziak eta proposamenak biltzea da.
Irun Lagunkoia programatik abiatuta, irailaren 4tik aurrera, inkestak egingo dituzte kalean irundarren proposamenak eta iritziak jasotzeko gizarte eta osasun zerbitzuei, eraikinei eta aire zabaleko espazioei, garraioari, etxebizitzari, parte hartzeari, errespetu eta inklusioari, enpleguari eta komunikazio eta informazio gaiei buruz.
Irun Lagunkoia ekimenaren helburua da adinekoek eta, oro har, herritarrek Irun hobetzen parte hartzera bultzatzea, arreta adinekoengan jarrita. Hori hala, joan den ekainean hiriko adinekoen espazioetan informazioa aurrez aurre biltzeko ekimena jarri zuten martxan. Balorazioa “ona” izan dela dio Gizarte Ongizate arloak, “ia ehun herritarrek parte hartu zuten topaketetan, eta haien ekarpenak kontuan hartuko dira proiekturako”.
Irailean egingo dituzten kale inkestak bukatuta, teknikariek ekarpen horien bideragarritasuna aztertuko dute. Horrez gain, elkarrizketa espezifikoak egingo dizkiete kolektibo partikularrei, “ondorio batzuk atera eta diagnostikoa aberasteko”. Xedea, Irunentzat “lagunkoitasun plan” bat sortzea dela gogoratu dute, “adinekoen ongizatearen eta zahartze aktiboaren aldeko neurri jakinak zehazteko”.