Adour-Bidasoako obrak gaurtik aurrera aurkez daitezke
Pintura lehiaketarako izen-emateak irekita daude dagoeneko. Izena emateko azken eguna irailaren 7a izango da.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du gaur (hilak 30) zabaldu dela XXXII. Adour-Bidasoa pintura lehiaketarako obrak aurkezteko epea. Parte hartzeko azken eguna irailaren 7a izango da (osteguna).
Udalak adierazi du margolari orok har dezakeela parte lehiaketan, profesionalak zein amateurrak. Parte hartzeko baldintza bakarra da 18 urte edo gehiago izatea. Sariei dagokionez, honakoak dira epaimahaiak banatuko dituenak: lehen saria eta 2.500 euro irabazlearentzat; artista gazteentzako saria eta 500 euro 30 urtetik beherako artista batek margotutako obra onenarentzat; epaimahaiaren sari berezia, 500 euro; eta finalistentzako diplomak, epaimahaiak aipamen hori ematen dien obrentzat.
Deialdiaren oinarrien arabera, parte hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkez dezake. Obrak originala izan behar du, beste lehiaketa batean saritu gabekoa, gai eta teknika librekoa, eta aldeen neurriak 80 zentimetrokoak izango dira gutxienez eta 150ekoak gehienez. Obrak sinatu gabe aurkeztu behar dira, gutun-azal batez lagunduta. Gutun-azal horretan egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jaso behar direla azaldu dute antolatzaileek.
Udalak aurreratu du margolan irabazlea Irungo Udalaren pintura bildumaren parte izatera pasatuko dela, beste artista ospetsu askorekin batera; hala nola, Dario de Regoyos, Bienabe Artia edo Menchu Gal.
Lehiaketaren irabazleak irailaren 29an iragarriko dira, eta egun horretan bertan irekiko da obra hautatuekin osatuko den erakusketa. Lehiaketako oinarrien inguruko informazioa eskuratzeko, herritarrentzako arreta telefonoa (010 edo 943 50 51 52) eta Irungo Udaleko Kultura arloko telefonoa (943 50 54 07) ahalbidetu dituzte. Oinarriei dagokionez, esteka honetan kontsulta daitezke.