Beste squash pista bat kenduko dutela salatu du Lur Alaiek
Egun, lau dira pistak eta horietako bat gimnasio gisa erabiltzen dute. Orain, obra txiki batzuk egin, beste pista batekin elkartu eta gimnasio handiago bat egin nahi dutela salatu du Lur Alai Squash taldeak.
Lur Alaia Squash taldeak denbora luze darama salatzen Artalekuko lau squash pistetatik hiru dituztela soilik erabilgarri. Laugarrena, gimnasio inprobisatu bat da eta ohartarazi dute litekeena dela gimnasioa dena beste pista batekin elkartzea gimnasioa handitzeko asmoz.
Pandemiarekin batera hasi ziren squash pisten itxierak. Lau pistetatik bi itxi zituzten, eta denborak aurrera egin ahala, hirugarren pista bat ireki zuten eta bat itxita edukitzea erabaki zuten, gimnasioaren ondoko gela gisa erabiltzen jarraitzeko.
Esan beharra dago Lur Alaiek lau pistak erabili ahal dituela txapelketak direnean, eta udalak hartutako neurri hori harridurarekin hartu zuela klubak: “Neurri hori ulertezina iruditu zitzaigun, uste baikenuen lehiaketari mesede egiten ziola eta kuota ordaintzen zuten eguneroko abonatuentzako espazioa murrizten zitzaielako”.
Bi pista ixtearen beldurra
Squash pistetako bat beste batekin elkartu eta gimnasio handiago bat bilakatzea “mehatxu” gisa hartu dute taldekoek. “Obra txiki bat eginez, 4. squash pista gimnasioarekin komunikatuko litzateke, eta horrela ezingo genuke squash pista hura berreskuratzeko aukerarik izango”.
Lur Alaiek salatu du zinegotziarengatik jasaten ari diren “ohiko gutxiespena eta klubari zuzenean eragiten dieten erabakiak, bizkarretik hartu direlako”. Susmoen aurrean eskatu diote azalpenak emateko publikoki eta hitza betetzeko, “dena delako erabakia, erantzukizunez eta arduraz erantzunez”.
Kluba sinetsita dago desagertzear dagoen kirol hau “berreskuratu” daitekeela, “baita ere urtero goranzko joera bat sortzea. Horregatik berretsi dute lau pistak irekitzeko beharra. “Lan gogorra eta zorrotza izan bada ere, emaitzek ahalegin guztia bermatzen dute eta are gehiago baliarazten dute kirol honek Irunen izan dezakeen etorkizuna”.
Ez dute ulertzen zergatik udalak ez duen bat egiten taldearen helburu eta konpromisoekin: “kirol bat berreskuratzea, jarduera berri bat eskaintzea hiri honetako herritarrei (beste edozein klubek bezala) eta jarduera fisikoa sustatzea (bere aniztasunean), batez ere adingabeei eta emakume helduei begira”.
Lur Alai, gainera, bere 10. urteurrena ospatzen ari da eta nahiago dutela errekonozimendu bat jaso “pista bat kentzea baino” adierazi dute. “Tristea da erregutzea, eta dagoeneko aukera asko galdu dira keinu hori eskertzeko, baina oraindik garaiz gaude inoiz itxi behar ez ziren pista guztiak berriz ireki ahal izateko”.
Gogoeta egitea luzatu diete udal gobernuko kideei: “zergatik ez da salatzen eta ez kirol-kudeaketaren pribatizazioaren aurka egiten, osasunaren eta hezkuntzaren sistema publikoarekin harrotasunez egiten ohi den bezala?”. Gaineratu dute klubak ez duela nahi “alerta etengabean bizitzen jarraitu, edozein unetan pista bat itxiko duten beldurrez”.
Azkenik, hainbat eskaera egin dituzte pistak irekitzeko arrazoiak luzatuz:
- Gipuzkoako squash klubik gazteena eta handiena gara, eta Euskadiko bigarrena 80 federatu + zale berriak (familiak, bikoteak, lagunak…).
- Euskadiko adingabeen eta emakumeen eskola handiena duen kluba gara.
- Gipuzkoako Eskola Kirola programaren barruan, Squash eskaintzeko baimena duen
klub bakarra gara. - Artalekuko 4 pistei esker, klubak, Euskadiko eta estatuko federazioen lehiaketa
ofizialak antolatzeko baldintzak betetzen ditu. - Squasha, banakako kirola da, eta bi jokalarik pista bat partekatzen dute aldi berean. 4
pista, 8 pertsonek. Dagoeneko, ez dago guztientzako lekurik. - Instalazioak eta zerbitzuak udalarenak dira, batez ere herritarren eskaerari eta
eskubideari erantzuten diete. - Udalak ezin du inolaz ere errentagarritasunarekin lotutako argudioak baliatu,
instalazio publiko batzuen itxiera defendatzeko. - Irungo kirol-instalazioak aztertzeko agindu zen txostenak dio, instalazio berriak eraiki
behar direla, ez itxi. - Klubak honek, squashak pairatzen duen egoera kritikotik ateratzea lortu du. Kirol
zerbitzuak lan hori sustatu behar du, eta ez oztopatu.