Zerbitzua ez eskaintzeagatik 18.192 euroko isuna Elai Serbitzuaki
Espediente administratibo zehatzailea ireki dio Hondarribiko Udalak lorezaintza eta belar handien lanak egiteko kontratatuta duten Elai Serbitzuak enpresari. Langileek 91 egun daramatzate greban eta udalak akordioa "lehenbailehen" lortzeko galdegin die.
Hondarribiko Udalak Elai Serbitzuak enpresa du kontratatuta 2021 eta 2025 urte tarterako hiriko lorezaintza eta belar handien zaintza lanak egiteko. Alta, martxoa bukaeran mobilizazioak hasi, eta apirila bukaeran, grebara jo zuten langileek, gaur egun arte luzatu dena.
Soldata igoera eta hitzarmen propioa da eskatzen dutena, baina ez dira akordioetara iristen, ELA sindikatuak hainbatetan salatu duenez. Azken agerraldian, irailaren 20 arte egingo dutela greba iragarri zuten, eta, beraz, abuztuaren 10ean 91 egun egin dituzte greban.
Bien bitartean, zerbitzua ez da eskaintzen ari enpresa eta horren aurrean “oso kezkatuta” daudela adierazi du gaur Igor Enparan Hondarribiko alkateak udalean gaur goizean egindako agerraldian. Arazoa “lehenbailehen” bukatzea nahi du udalak, eta, bide horretan, espediente administratibo zehatzaile bat ireki diote enpresari, “kontratuan jasota dagoen bezala”.
Alkateak espediente administratibo zehatzailea sinatu zuen dekretu bidez uztailaren 21ean, eta enpresak jakinarazpena jasotzen duen unetik hamabost egun ditu alegazioak jartzeko. Epe hori bukatu da, eta orain, 18.192,77 euroko zigorra ordaintzeko denbora tartea zabaldu da. Diru kopuru hori kontratuaren %4 da.
Udal gobernu taldeak espedientearekin “bide bat ireki” dela uste du, eta bide horrek amaiera bat daukala diote. “Dekretu honena urrats bat da, kontratuan jasota dagoena, eta beste urrats batzuk ere badaude zehaztuta. Egoera ez balitz konponduko, espediente zehatzaile honen amaiera kontratuaren etetearekin egongo litzateke. Hori litzateke inork nahi ez dugun egoerara iristea”.
Enparanek dei egin die langile eta enpresari akordio batera iris daitezen eta zerbitzua ahalik eta azkarren martxan jar dezaten, “ahal dela, hilabetea bukatu aurretik”. Ildo horretan, udala baikor agertu da adostasuna lortuko denarekin: “egin ditugun bileretan adierazten digutena da ikusten dutela beharra beraiek ere langileekin akordio batera iristeko eta egoera honi amaiera emateko”.
Arrisku egoerak
“Arrisku egoerak” sortzen ari da zerbitzu hau bermatuta ez egoteak udalak salatu duenez. Esaterako, Alde Zaharreko igogailuko mantentze lanak egiten dituen enpresak azaldu du bere langileen segurtasuna ez dagoela bermatuta lore eta landareen egoera medio, eta, ondorioz, ez dute mantentze lan horiek egiteko aukerarik ikusten.
Bestetik, hiriko hainbat biribilgunetan ikusmena murriztu egin da eta horrek bide publikoko erabiltzaileei arriskuan jartzen die. “Ez da soilik egoera estetiko bati erantzutea, baizik eta arrisku egoera batzuen aurrean aurkitzen garela” deitoratu du alkateak.
Hona hemen gaur Hondarribian jasotako irudi batzuk: