Trafiko ilarak saihesteko neurriengatik eskerrak eman ditu EAJk
Akordioa lortzeko "elkarlana" behar dela diote. Horregatik eskertu dituzte udal gobernua, aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Iragan astean iragarri zuen Irungo Udalak neurriak hartu dituztela trafiko ilarak hiria kolapsa ez dezaten. Gaur, Irungo EAJk gogoratu du adierazpen instituzional bat sinatu zutela, duela urtebete, ilarak saihesteko asmoarekin eta, “hortik aurrera alkateak elkarrizketak hasi zituen tartean zeuden gainerako erakundeekin”.
Adierazpen hori “abiapuntutzat” jo dute, hortik hasi zelakoan alkatea elkarrizketan edukitzen gainerako erakundeekin. “Elkarlanean beharrezko neurriak har zitezen eta joan den udako egoera errepika ez zedin”.
Udal gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin eduki dituen elkarrizketak “baikorrak” izan direla diote, baina Frantziako agintariek ez dutela erantzun eman salatu dute. Arduradun politiko horien laguntzarik gabe “aplika daitezkeen neurriak, zoritxarrez, ez dira inoiz nahikoak izango”. Jeltzaleek diote erantzunik ezak “hauen ezezkoa ez esan nahi izatea”.
Akordioa lortze aldera, Espainiako Gobernuak, Barne Ministerioaren bitartez, Frantziako Gobernuko “bere homologoarekin inplikatu behar lukeela” uste dute. Adostasunak mugako kontrolak kentzea eta Biriatuko ordainsariak irekitzea ekarri behar luke. EAJk oroitu du neurri horiek iazko adierazpen instituzionalean atxiki zituztela.
Azkenik, udal gobernu, aldundia eta Eusko Jaurlaritzari eskertu dituzte. “Espero dugu landu diren neurri horiek eta lankidetzak duela urtebete Irunen izan genuen zirkulazio kaosa saihesteko balio izatea”.