Sinadura bilketa Bidasoko oinezkoen zubia ireki dezaten
Hendaiako herritar talde batek bultzatu du sinadura bilketa.
Xalbat Alzugarai Etxeberri – Berria
Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Etorbidearen zubiaren hestea salatu du Hendaiako herritar talde batek. Horren harira eta ondoko herrietako hautetsien aldarrikapenarekin bat eginik, zubiaren irekitzeko eskaera helaraziko diote prefetari, sinadurak bilduz.
Etorbidearen zubiaren zabaltzea galdegin diote 30 hendaiarrek Pirinio Atlantikoetako prefetari adierazpen batean. Agorriletik urrira bitarte bilduko dituzte sinadurak. Zubiaren «behin betiko» irekitzea aldarrikatu dute antolatzaileek.
2021az geroztik, hetsia da zubia, Frantzia eta Espainiaren arteko erabaki administratiboengatik. Uztailaren 3an, ondoko herrietako auzapezen kexari erantzunez, Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero» irekiko zela Etorbidearen zubia. Alabaina, salbuespenak salbuespen, uztailaren 3an berean, Frantziako Tourraren karietara berriz ireki zuten zubia. Hortik oren batzuetara, berriz hetsi zuten. Sinadura bilketaren antolatzaileen kexa piztu zuen horrek, eta «erabaki administratibo zentzugabea» dela salatu zuten.
Oinezkoen zubiaren «behin betiko» irekitzea aldarrikatzeaz gain, herritar taldeak erran du «elkar lotzeko, ibiltzeko eta joan-etorri eztiak garatzeko» balio duela zubiak. Mirari Manterola sinatzaileak azpimarratu du Irunen egiten zituela erosketak, eta orain Santiago zubitik «itzuli osoa» egin behar duela. Haren ustez, erabakia «ezin ulertua» da, beste zubiak irekiak direlako.
Hedapena
Aldarrikapenarekin bat egiten duten Hendaiako, Irungo, Hondarribiko eta inguruko herritarren «parte hartze zabala» eskatu dute, sinadura bilketak ahal bezain eragin handia ukan dezan. Herritar taldeak «ahalik eta gehien hedatzeko» eskatu du, fotokopia bidez eta online, QR kodea zabalduz. Haien eskaera «urrats herrikoi, humanista, baketsu, apolitiko eta akonfesionala» dela adierazi dute.
Urri hastapenera arte ireki dute eskaera sinatzeko epea. Manterolaren erranetan, «jada 200 pertsonak sinatu dute». Sinadura bilketak «zabaltze eta eragin handia» izanen duela espero du Manterolak. Behin epea hetsirik, sinadurak Hendaiako auzapezari helaraziko dizkiote, prefeturan aurkez ditzan.