[Argazkiak] Bidasoiarekin ere Euskal Jira, aurrera
Bederatzi gurdi eta ehundaka parte hartzailek alaitasuna eraman dute Irungo karriketara, euriak euri.
1.928. urteaan hasi zen Irungo Euskal Jirara eraldatuko zen festa, eta ordutik, bidasoarrak biltzeko urteko hitzorduetako bat da. Gaurkoan, bederatzi gurdi izan dira ikusgai, elkarte eta talde ezberdinek egindakoak. Esaterako, Landetxakoek Enparan baserria ekarri dute karriketara, edota Pausukoek elkartekoak erle beltzaz mintzatu dira.
Pausukoak elkarteko kide batek HITZAri esan dio 25. aldia dela parte hartzen dutena. Hastapenetan, haurrekin joaten zirela festara du oroitzen, eta, orain, aitona gisa parte hartzen duela. “Polita da”.
Hiru egunetako festaren ekuadorra iragan berri dute. Atzo, Korrontzik Urdanibia plaza bete zuen, eta bihar, Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo da. Gainera, goizean azoka egin da eta goizetik luzatu dute askok gaurko plana. Urdanibia plazan, orain, erromeria eta dantzaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Herri bazkaria
Euskal Jiraren batzordeak berreskuratu egin nahi du herri bazkaria, Uranzu pilotalekuan egiten zena. Aurten, beste toki batzuetan izan zedin bazkaria berreskuratzen saiatu dira, “baina ezinezkoa egin zaigu” adierazi du Irungo Euskal Jiraren Batzordeak.
Datorren urtera begira eta udalarekin elkarlanean, herri bazkaria egitea lortu nahi dute “modu egokiena da jende gaztea erakartzeko gure festara”.

