Trafiko ilarak saihesteko neurriak hartu ditu udalak
Udaltzaingoak protokolo bat idatzi du Irunera iritsi nahi ez duten kotxeak desbideratzeko. Auto pilaketak %5 hazi daitezke aurten.
Hiria kolapsatu dezaketen trafiko ilara luzeak ekiditeko hartu dituzten neurri lokalen berri eman dute gaur Jose Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda Udaltzaingoaren ordezkariak.
Udalak arazoari konponbidea emateko “eskumen askorik” ez duela diote, baina “konponbidea bilatzeko ahaleginetan” daude. Horretarako, beste erakunde batzuekin koordinatzen dabiltza.
Alkateak gutun bat bidali die mugako ordainsarien arduradun diren Bidegi eta Vinci autoroutes enpresei. “Garrantzitsua da Biriatuko ordainlekuko arduradunek ulertzea mugan bertan daukatela ordainlekua, eta trafikoa ez moteltzeko ahal dituzten neurri guztiak hartu behar dituztela”.
Hala, kobratzeko kabina guztiak irekita eta trafiko astuneneko uneetan kontrolak kentzea eskatu die alkateak. Horrez gain, barrerak altxatzeko aukera kontuan izatea ere galdegin die, “Bidegirekin koordinatuta egin beharko lukete”.
Aurten, iazko datuekin alderatuta %5 hazi daiteke ibilgailuen kopurua eta dagoeneko pilaketak hasi dira. Ilarak ez luzatzeko diote “8 kilometroan bi aldiz geratu behar ez izatea neurri ezinbesteko, praktiko eta eraginkorra” dela.
Bestetik, Udaltzaingoak zirkulazioa kontrolatzeko protokolo bat jarriko du martxan, urrunera doazen ibilgailuak ez daitezen hiri barrura sartu autobideko ilarak saihesteko. Ertzaintzarekin koordinatuta ariko dira, eta Espainiako Poliziak, gainera, konpromisoa hartu du autobidean ematen duen informazioa areagotzeko.
Topoa erabiltzera ere bultzatu ditu herritarrak Labordak: “Badakigu beti ez dela posible izaten, baina Donostiara topoz joanda ibilgailu kopurua murrizten da, eta herritarrek berek lortuko dute udako trafiko-ilara amaiezin horietan harrapatuta ez geratzea”.
Udalaren adierazpen instituzionala
Gaur udal gobernuak iragarri dituen neurriez gain, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiari hainbat eskaera egin zizkioten udalbatza osatzen duten kide guztiek:
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion autobideak kudeatzen dituzten bi enpresen (Bidegi eta ASF) arteko hitzarmena betearazteko, bertan xedatzen baita barrerak igoko dituztela eta bide-sariak kobratzeari utziko diotela Irunen eta Biriatun errepidean auto-pilaketa handiak daudenean.
- Eusko Jaurlaritzari kontrola areagotzeko eskatu zitzaion, bai eta trafikoaren egoerari buruzko informazioa hobetzeko ere.
- Irungo Udalak konpromisoa hartu zuen Ertzaintzarekin dagoeneko egiten duen lankidetza indartzeko, aldundiaren eskumeneko errepideetan trafikoa kontrolatzeari dagokionez.
- Irungo Udalak deitoratu egin zituen Frantziako agintariek Santiago zubian eta Behobian egiten zituzten kontrol selektiboak.
- Azkenik, Espainiako gobernuari eskari bat egin zitzaion: Frantziako gobernuari mugako kontrolak kendu zitzan eskatzeko, hain zuzen.