Itsaso berdean, lau banderen estropadak
Asteburuan berdea are nagusiago izango da Hondarribian, lau bandera jokatuko baitira. Horrez gain, egun osoko festa espero da.
Asteburu honetan, estropaden festa Hondarribiko itsasora eta herrira gerturatuko da. Abuztuaren 5ean eta 6an, lau bandera jokatuko dituzte Euskotren, Eusko Label, KAE 1 eta KAE 2-ko traineruek.
Bihar, hilak 5, Euskotren ligakoek XV. Txingudiko Bandera – Balfego Sari Nagusia jokatuko dute; Eusko Label ligakoek, berriz, Hondarribiko XXXVI. Bandera – Mapfre Sari Nagusia.
Bestetik, igandean KAE 1 eta KAE 2-koen txanda izango da; hurrenez hurren, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVII. Bandera, eta Hondarribia Arraun Elkartea Bandera izango dituzte jokoan.
Euskotren liga
Hondarribiak etxean irabazteko gogor egin beharko du borroka. Izan ere, Eukotrenera igo berritan, euren helburua oraingoz ohorezko txandara iristea baita. Zaleen aurrean, Tolosaldea gutxienez atzean utzi nahiko dute, sailkapen nagusian laugarren postura hurbilduz joateko.
Hibaikak seigarren postuan dago sailkapen nagusian, eta beheko postu horietatik igotzen saiatuko dira oreretarrak.
17:30ean hasiko da, larunbatean, Euskotreneko bi txandako estropada.
Eusko Label liga
Hondarribia bigarren da sailkapen nagusian, lehen postuan dagoen Urdaibairekiko puntu bakarreko aldearekin. Denboraldi honetan, bi bandera irabazi dituzte berdeek, eta etxekoa zazpigarren aldiz irabazteko itsasoratuko da Mikel Orbañanosen tropela. Urdaibairekin lehia estua espero da. 18:15ean hasiko da estropadako hiru txandetatik lehena.
KAE 1
Sanpedrotarrak eta sanjuandarrak, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuan daude. Postu horri eustea izango dute helburu nagusitzat, goiko postuei, alegia. Baina preziatuenak play offerako sarbidea ematen duten lehen biak direnez, horien bila joango dira moreak eta arrosak.
Aldiz, Hondarribiak lana du aurretik bere itsasoan. Bederatzigarren daude sailkapenean eta goiko postuetara igotzea komeni zaie berdeei.
KAE 2
Hibaika bosgarren postuan dago sailkapenean, 24 punturekin; San Juan, aldiz, seigarren 13 punturekin. Biek ala biek ahalik eta ondoen egitea izango dute helburua, puntuak batzen segitzeko gorako bidean.
Hona hemen bandera bakoitzaren eta egun osoko arraun festaren ordutegiak:
Abuztuak 5, larunbata
- 11:00etan: Suzirien jaurtiketa.
- 11:00etan: Abiyuan fanfarrea hiriko kaleetatik ibiliko da.
- 12:30ean: Izugarria erraldoi eta buruhandien konpartsa Hondarribiko kaleetatik.
- 12:00etatik 14:00etara: Burrunba Elektrotxaranga San Pedro kalean.
- 16:45ean: Kalejira herrikoia zale guztientzat, San Pedro kaletik, estropada eremuraino.
- 17:25ean: XV. Txingudiko Bandera (Euskotren).
- 18:15ean: Hondarribiko XXXVI. Bandera (Eusko Label).
- 20:00etatik 22:00era: Abiyuan fanfarrea Portuan zehar.
- 20:00etatik 22:00era: Scoobyband orkestra San Pedro kalean zehar.
- 22:00etatik 01:00etara: DJ Kanupi Arrantzale auzoan.
Abuztuak 6, igandea
- 13:00etatik 15:00etara: Abiyuan fanfarrea Portuan zehar.
- 15:30ean: Hondarribia Arraun Elkartea Bandera (KAE 2).
- 16:30ean: Hondarribiko Arrantzaleen Konfradiako XVII. Bandera (KAE 1).