Euskal ligan sartu nahi du emakumeen Txingudi Errugbi taldeak
Denboraldiaurrea datorren astelehenean hasiko du 16 eta 18 urtez azpiko emakumeen taldeak. Taldea handitu nahi dute, eta entrenamenduak irekiak izango dira.
Aste honetan hasi dituzte Txingudi Errugbi taldeko 16 eta 18 urtez azpikoen mutilen taldeek entrenamenduak. Emakumeek, berriz, datorren astelehen arte itxaron beharko dute entrenatzeko.
Iñigo Camareroren mutilak denboraldi berriari eutsi nahi diote “gogoz”. Horretarako, denboraldiaurrea prestatzen dabiltza, astelehen, astearte eta ostegunetan, 19:30etatik aurrera. Parte hartu nahi duen ororentzat ateak irekita dituztela gogoratu du taldeak.
Emakumeen taldea, indartzera
Emakumeen taldearen denboraldiaurreak helburu bikoitzak ditu. Alde batetik, pasa den denboraldian osatutako taldea sendotu eta indartu nahi dute; bestetik, indartze horretan, jokalari gehiago lortzea da asmoa, Euskal ligan izena emateko.
Nesken lehen entrenamendua datorren astelehenean izango da (abuztuak 7), 19:00etatik aurrera, Plaiaundin. Kirola probatu nahi duen guztiei deitu die taldeak, “datorren hilabetea garrantzitsua izango da Txingudiko taldeen osatzeko”.