Hondartzara, euskal preso eta iheslariak etxean izan arte
Igande honetan elkarretaratzea deitu dute Etxeratek eta Sustengu taldeak, "udan ere etxean nahi ditugula eta maite ditugula" oroitzeko.
Hondarribiko Sustengu taldeak urtean bi hitzordu finko ditu, tamalez, oraindik ere euskal preso eta iheslarien eskubideen borrokak segitzen duelako. Hitzordu horietako bat, joan den larunbateko Sagardo Eguna da, eta, bestea, igande honetan hondartzan egingo den elkarretaratzea.
Sagardo Egunaren harira, eskertze zerrenda luzea egin du taldeak. Hasteko, bertaratu ziren herritar guztiei, “plaza lepo bete zen, sekulako giro ona egon zen eta guztia bikain atera zen”.
Bestalde, ez dituzte ahaztu larunbateko aldarrikapen festa gauzatzen lagundu dituzten eragileak: “Olagarro Elkarteari egindako tortilla kopuruagatik; Branka tabernari izandako jarrera eta amendako laguntzagatik; eta Hondarribiko Udalari ere guztia ongi atera zedin izandako prestutasunagatik eta emandako laguntzagatik”.
Eskualdeko euskal hedabideei ere esker mezuak zabaldu dizkiete, “Antxeta irratiari emandako laguntza guztiagatik eta baita Oarso Bidasoko HITZA-ri”.
Elkarretaratzea
Baina Sustengu taldea ez da oporretara joan eta igande honetan (abuztuak 6a da) hondartzan elkarretaratzea deitu dute, 12:00etan. Lehenik, hondartzako aparkalekuan elkartuko dira.
Euskal Herriko hondartza ezberdinetan urtero egiten den ekimena da igande honetakoa eta Hondarribiak bat egin du beste behin. Taldeak aitortu du badakiela abuztuan jende asko kanpoan dagoela, baina bertaratzeko eskaera berretsi dute, “udan ere etxean nahi ditugula eta maite ditugula” oroitzeko.