Irun tentsio handiko eremu izendatu dute
Stop Desahucios kolektiboak jarritako mozioari esker, Irungo alokairu merkatua neurtu nahi da.
Iragan ostiraleko osoko bilkuran, Irungo alokairuaren merkatuaren prezio altuen ondorioz Irunen tentsionatuta dauden guneak izendatzeko eta horietan Espainiako Estatuko Etxebizitza Legeak ezartzen dituen mugak ezartzeko Stop Desahuciosek jarritako mozioa onartu zuten.
Akordioa Irungo EH Bilduk, PSEE-Ek eta Elkarrekin Podemos Ezker Anitza – IU Aliantza Berdea udal taldeek onartu dute. EAJ abstenitu egin zen eta PPk kontra bozkatu zuen.
Miguel Angel Paez alkateordeak adierazi zuen udaleko Ongizate arloak urteak daramatzala laguntzen alokairuzko etxebizitza merkatuaren “egoera dramatikoa” bizi dutenei. Auzi honetan, batasun politikoaren falta salatu du Paezek, EAJk ez baitu mozioa babestu. “Dirudi ez dutela ulertzen gizarteko hainbat kolektibo zaurgarri konkretuk bizi duten egoera dramatikoa”.
EAJko bozeramaile Xabier Iridoik etxebizitza eskubide bat dela gogoratu zuen, baina hori bermatzea “oso zaila” dela adierazi zuen, “hala erakusten dute Irunvik ditugun datuek. Arazo handia da gazte eta familia askorentzat, alokairu pribatuen merkatuan sartu ezin direlako”.
Etxebizitza lege berriak etxegabetzeak ekiditeko balioko duela esan du, baina zalantzan jarri du jeltzaleak lege honi esker alokairuen prezioak jaitsiko ote diren, “kontrakoa gertatzen ari da hori aplikatzen ari den lekuetan”.
Horrez gain, lege berri honen hainbat erpin Euskaditik erregulatzearen aldekoak direla adierazi du Iridoik. Dena den, abstentziora jo zuen EAJk: “inportanteagoa jendearen etxebizitzarako eskubidea, etxearekin negozio eginez dirua irabaztea baino”.