Hondartza Bolei Txapelketa Herrikoia errotzera dator
Abuztuaren 26an egingo da hondartzan eta jada izena eman dezakete interesdunek. Partaide kopuruaren arabera, lehia erabatekoa edo bestekoa izango dela aurreratu dute.
Joan den urtean egin zuten I. Hondartza Bolei Txapelketa Herrikoia, eta aurten segida emango diotela adierazi dute antolatzaileek. Beraz, errotzeko asmoz etorri da lehiaketa, eta aurtengo hitzordua abuztuaren 26an finkatu dute.
Izen-ematea zabalik da, eta mistoak izan daitezkeen talde bakoitzean lau jokalarik jokatuko dute. Jokalariek ez dute posizio zehatz bat izango eta zelai osoan zehar jokatu dezakete; betiere oinutsik edota eskarpinak, galtzerdiak edota babesekin, nahi izanez gero. Dena den, lehia sistema izena eman duten partaide kopuruaren arabera erabakiko dute.
Set bakoitza 21 puntutara jolastuko dira, bi puntutako abantailarekin. 7 puntu jokatzen direnean zelaiz aldatuko dira. Partaide kopuruaren arabera partidak, set bakarrera edo bi set-etara jokatuko dira. Azken kasu honetan, berdinketa suertatuz gero (1-1), hirugarren set bat jokatuko litzateke 15 puntutara.
Jokoaren arau guztiak, lehiaketaren orrialdean jaso dituzte, esaterako, sakearekin lotutakoak edota puntaketari lotutakoak.