Gipuzkoako Pentlatoi Txapelketa, abuztuaren 6an
Guztira bost proba dira parte hartzaileek gainditu beharko dituztenak. Bestalde, hiru emakumek emanaldi bat egingo dute lehenbiziko aldiz.
Euskal Jira abuztuaren 4tik 6ra egingo da, eta azken eguna Gipuzkoako Pentatloi Txapelketarena izango da. Urdanibian plazan egingo da, urtero lez, 11:30ean abiatuta.
Aurten, berrikuntzekin dator txapelketa, hiru emakumek emanaldi bat antolatu baitute. Horren parte izango dira Nerea Arruti, Amalur Arbelaiz eta Ane Zapirain. Bestetik, gizonezko partaideak Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena, Xabat Olaizola eta Jagoba Otaegi dira.
Pentatloiak bost proba izango ditu. Partaide bakoitzak jarraian egin beharko ditu probak eta, proba bakoitza bukatu arte ezingo da hurrengoarekin hasi. Irabazlea, ziklo osoa azkarren egiten duena izango da. Bost probak honako hauek izango dira:
- Harri jasotzea: 100 kiloko harri biribila 20 aldiz jaso.
- Giza proba: 2 plaza 400 kiloko harria arrastaka eraman (plaza bakoitza gutxi gorabehera 24 metro dira).
- Aizkora: 45 hazbeteko 2 enbor eta 54 hazbeteko beste bat.
- Txingak: 4 plaza 50 kiloko txingak.
- Korrikaldia: 2 kilometro korri egin.