Vertiz Ford eraikina eraitsi dute
Jarduketa hori Artiako ubidea birnaturalizatzeko proiektuaren barnekoa da, Juan Thalamas Labandibar kaleko ibaiko begiralekuarekin batera. Beste bi jarduketa daude aurreikusiak eremu horretan.
Vertiz Ford eraikina eraisteko lanak bukatu dira. Irungo Udalak jakinarazi du azken asteetan eraitsi aurretik egin beharreko lan batzuk gauzatu dituztela eraikin barruan, baina aste honetan egin da eraispena. Jarduketek lau hilabeteko iraupena izan dute, eta lanak egiteko aurrekontua 99.035,73 eurokoa izan da. Enpresa esleipenduna, aldiz, Tximistxharri SL izan da.
Vertiz Ford eraistearen lanek lotura dute duela gutxi Juan Thalamas Labandibar kalean ireki zen ibaiko begiraleku berriarekin. Udalak adierazi du estatuak konpromisoa hartu zuela Artiako ubidea birnaturalizatzeko lanak egiteko, eta bi proiektu horiek Bidasoa ibaiaren alde honetako bazter hori lehengoratzen bukatzeko balioko dutela gaineratu dute.
Eremu horretan bi proiektu aurreikusita daudela nabarmendu du udal erakundeak. Batetik, oinezkoen ibilbideari eta Azken Portuko bidegorriari jarraipena emanda berdeguneak zabaltzea. Bestetik, geroago Azken Portu kiroldegia handitzeko proiektuari ekitea. Aurrera doaz, hortaz, Azken Portun ibaiertzak lehengoratzeko proiektuak.