[Erreportajea] Zazpi sagardogile, hamaika herritarrentzat
Sagardozaleek Madalen plaza izango dute topagune Hondarribiko Sagardo Egunean. Zazpi sagardogileren uzta dastatzeko aukera izango da bihar, baita txorizo egosi eta tortilla pintxoak jatekoa ere.
Bigarren urtez jarraian egingo dute Hondarribiko Sagardo Eguna Madalen plazan. Aurten errepikatzea erabaki dute. «Gipuzkoa plazan baino hobeto kokatuta zegoela iruditu zitzaigun. Gainera, bertan dauden tabernen terrazengatik zailagoa zen azpiegitura guztia ezartzea». Iazko sagardo festak «kristoren harrera» izan zuela azaldu du Iñigo Larrazabal Sostengu Taldeko kideak, eta horregatik erabaki dute iazkoari eustea. «20:30erako dena bukatu zen. Sekulako jendetza gerturatu zen. 900 edalontzi jarri genituen, eta guztiak agortu ziren. Zaharrak jarri behar izan genituen. Sekulako harrera ona izan zuen».
Aurten ere iazkoa errepikatzea gustatuko litzaiekeela aitortu du Larrazabalek: «Urte guztietan bezala jendea hurbiltzea espero dugu, eta giro ona egotea. Eguraldiak laguntzen badu giro bikaina sortuko da. Lapurdiko zein Oarso Bidasoko jendea ere etorri ohi da. Arratsalde pasa egiteko aukera polita da».
Zazpi sagardogile bertaratuko dira Madalen plazara: Camino-Berri, Larregain, Lizeaga, Oialumezar, Ola, Petritegi, eta Zabala. «Urtero berberei deitzen diegu. Oso ondo portatzen dira gurekin». Aurten kale egingo duen bakarra Beko Errota izango da, ez baitu sagardorik egin. Sagarren zukuarekin batera pintxoak banatuko dituzte. Bi aukera: tortilla, edo txorizo egosia. Tortillak egiteko boluntarioen laguntza izateaz gain, Olagarro elkartearena izango dute. «Olagarrok 80 bat tortilla egingo ditu».
Musika ere lagun izango dute. 17:30etik aurrera trikitilariek kaleak girotuko dituzte, eta ondoren, bozgoragailuetako musikarekin plaza dantzan jarriko dute.
Eszenatoki berria, egoera berdina
Sagardo Eguna Hondarribiko Sostengu Taldeak antolatzen du. Urtero Etxerat-i bideratzen diote bildutako guztia. Larrazabalek azaldu duenez, presoen egungo egoera iazko berbera da. «Aurten uste dut 34 gradu aldaketa eskaera egon direla, eta 20ri ezetza esan diete. Orduan, nahiz eta beste eszenatoki bat izan, euskal presoak etxean ditugu. Etxeratze bidean badugu nahiko lan, eta horrek guztiak kostu ekonomikoa du: abokatuen lana, prokuradoreena, helegiteak, elkarretaratzeak…».