[Erreportajea] ‘Hemen’ eta ‘han’, gogoetagai
Hilaren 12an aurkeztu zuten Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea espazioan ‘Aquí y allí’ (‘Hemen eta han’) dokumentala. Familia etorkinen bigarren belaunaldiari ahotsa eman dio SOS Arrazakeriak.
Europako Batasunetik kanpoko familia etorkinen seme-alabek identitate ezberdinak nola bizi dituzten ezagutarazteko dokumental bat osatu du SOS Arrazakeriak, Aquí y allí (Hemen eta han). Hilaren 12an Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea espazioan egin zuten proiektuaren aurkezpen ekitaldia.
Dokumentalaren ideia ezustean heldu zen SOS Arrazakeriak Errenteriako Madalen kalean duen bulegora. Uyanga Enkhbold errenteriarra 11 urterekin heldu zen Euskal Herrira. Ordura arte, Mongolian bizi izan zen, aiton-amonekin. Unibertsitatean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko lehenengo mailan zegoen, eta beka bat eskatzeko laguntza eske heldu zen SOS Arrazakeriara. Euskaraz modu «solte» eta «dinamikoan» azaldu zion Gerar Carrereri bekaren eskaera egiteko zituen arazoak. Une horretan dokumental bat sortzeko gaia bururatu zitzaion Carrereri. Izan ere, gazte horiek nahiz eta euskara ia perfektuan hitz egin, eta nahiz eta Euskal Herrian hezi eta bizi diren, zenbait muga edo zailtasun pairatzen dituzte sarri, muga administratiboak kasu. Ideia horri helduz, egoera partikularretatik abiatuta bertako gazteen ikuspegia ezagutzea zen Carrereren asmoa. «Familia etorkinen seme-alabek identitate ezberdin horiek nola bizi dituzten jakitea interesatzen zitzaigun. Batzuk hemen jaio dira, hemen bizi dira, dena egin dute hemen, eta askotan ez dute beren familien jaioterria ezagutzen ere. Baina hemengoen begirada, askotan, etorkinena da».
Ez da SOS Arrazakeriak dokumental bat egiten duen lehen aldia. Gizartean sentsibilizazio lana egiteko «erreminta polita» dela uste dute. «Zenbait gauza mahaiaren gainean jartzeko, eta protagonistei, etorkinei, ahotsa emateko» baliagarria. Diskurtsoa bera ere «beste modu batera» heltzen da ikus-entzunezkoekin. Hala, David Macian ekoizle eta zuzendariarekin kontaktuan jarri zen berehala Carrere. Elkarrekin, Chica seria y responsable (2019) eta En la calle (2021) dokumentalak landuak zituzten aurretiaz. Macian: «Buruan zuen ideia kontatu eta ea interesgarria iruditzen zitzaidan galdetu zidan [Gerar Carrerek]. Bi aldiz pentsatu gabe baietz esan nion. Izugarrizko gaia iruditu zitzaidan. Gainera, orain arte, kontuan hartu ez den gaia dela uste dut. Nik behintzat ez dut apenas informaziorik aurkitu». Azken horregatik bereziki interesgarria iruditu zitzaion proposamenarekin bat egitea, «zerbait gehitu edo zerbait berria konta nezakeela sentitu nuen».
Dokumentala sortzen hasi aurretik hainbat erabaki garrantzitsu hartu behar izaten dira, gaiaren enfokea zehazte aldera. Kasu honetan, zein adin tarteko pertsonen testigantzak jaso nahi zituzten zehaztu zuten, fokua nerabeengan jarriz. «Diskurtsoa guztiz osaturik izan ez dezaketen arren, adin interesgarriena izan zitekeela ondorioztatu genuen. Izan ere, gazte hauek bete-betean ari dira errealitateari aurre egiten», nabarmendu du Macianek. Gazteei ahotsa ematea, gainera, garrantzitsua iruditu izan zaie beti SOS Arrazakeriako kideei. Zentzu horretan honako datuak eman ditu erakundeko kideak: duela bost urte eskolatutako bost gaztetik bat etorkinen seme-alaba ziren; gaur egun, baina, hirutik bat da etorkinen seme-alaba. Egungo gizartean «kontuan hartu beharreko errealitatea» dela iritzi du Carrerek, «baita etorkizunera begira ere».
SOS Arrazakeriak hiru hamarkada daramatza etorkinei babesa eta laguntza ematen. Etorkinek, adibidez, etxebizitza edota lana lortzeko zailtasunak izaten dituztela ikusi dute. Hortaz, etorkin horien seme-alaben egoera nolakoa den, eta nola integratzen diren ezagutzea garrantzitsua iruditu zitzaien. Baita egun dauden integraziorako erreminten berri ematea ere. Hala nola, eskola, lagunak eta familia. «Gizartean zure lekua ematen dizuten erremintak dira, eta hori hor dagoela azaldu behar da».
Protagonistak
Bost gazte dira dokumentaleko protagonistak: Soukaina el Machhour (Errenteria-Orereta), Lourdes Lagos Velazquez (Donostia), John Keneth Hrasky Castillo (Irun), Uyanga Enkhbold (Errenteria-Orereta) eta Damaris Ivina Nsuruk (Errenteria-Orereta).
Dokumentalean parte hartzea «aukera polita» izan da John Hraskyrentzat: «Nire historia elkarbanatzeko aukera izan dut, eta era horretan, nire adineko gazteak identifikatuta senti daitezke, eta lagungarri gerta dakieke». Uyanga Enkhboldek, bestalde, ez zuen hasiera batean bere historiaz hitz egiteko gogorik sentitu. «Besteekin konparatuta ez naiz hainbeste ateratzen. Orduan, ez dut esperimentatu horrelako desberdintasuna adierazten duen zer edo zer. Hasieran, dokumentalaz hitz egiteko elkartu ginenean, galduta sentitu nintzen. Geroago, bai, hasi nintzen parte hartzen». Azkenean, esperientzia baikorra izan dela onartu du errenteriarrak.
Denen gurasoen jatorria ezberdina da. Honakoa, kontzienteki eginiko zerbait dela azaldu du Carrerek, jatorriak «egoera partikularrak» sortzen dituela iritzi baitute. «Sukaina [El Machhour] familia marokoar bateko alaba da, eta bera musulmana da. Batzuetan hiyab zapia eramaten du, besteetan ez. Baina bere errealitatea da». Faktore identitario ezberdinek «noraino» eragiten duten ikusi nahi zuten.
Dokumentaleko gazteen diskurtsoa, orokorrean, oso baikorra da, eta etorkizuna ere «oso positibo» ikusten dute. SOS Arrazakeriako kidearen ustez, «inportantea» da hori, «baina aldi berean harritzekoa da nolabait. Askotan, diskriminazio kasuak jasan dituztela-eta horrek asko markatu dituela pentsatzen dugu». Baina errealitatea da, kasu horietan behintzat, eta nahiz eta zenbaitetan diskriminazioa sumatu izan duten, «oso enpatikoak» direla. «Damarisek, adibidez, esaten du dokumentalean festara ateratzen denean bere azala, ilea eta estiloa gustatzen zaiela esaten dioten pertsona asko hurbiltzen zaizkiola. Hasieran, bale, baina laugarrenean, pixka bat nekagarria dela. Baina esaten du ere Ekuatore Gineara hemengo norbait joaten bada berdina gertatuko zaiola. Orduan, alde batetik ulergarria da beraientzat». Begirada positiboa izatea familiaren aldetik «oso ondo zainduta» eta «oso babestuta» daudelako dela uste du Carrerek. Azken batean, zailtasun handienak gurasoek pairatu dituztela azaldu du errenteriarrak, «eta aurrera atera dira». Macian zuzendaria ere ohartu da gazteek «garrantzia» kentzen dietela bizitako zenbait egoerari, eta «naturalki» kontatzen dituztela. Haren ustez, baina, urte batzuk barru zenbait gauza «nahiko larriak» direla konturatuko dira, «eguneroko gauzak, zein arazo instituzional eta burokratikoak».
Hizkuntzari dagokionez, euskara integraziorako gakoa izan dela uste du Enkhboldek. Ikaskide zein lagunekin euskaraz egiten du, etxean mongoliarrez. «Euskaraz egiterakoan harro sentitzen naiz, egia esan». Hraskyk, bestalde, kultur aniztasunari egin dio erreferentzia. Irundarraren ama nikaraguarra da, aita berriz, franko-alemaniarra: «Kultura ezberdinak ezagutzeak perspektiba irekiagoa izatea ahalbidetu dit».
Filmaketa
Bi goizetan grabatu zuten dokumentala. Bost elkarrizketaz osatuta dago: zatituta, nahastuta eta muntatuta. Macian: «Nolabait, zati guztien nahasketak diskurtso bakarra osatzen du. Azkenean, batzuen eta besteen bizipenek antza handia dutelako. Baina ezberdinak dira aldi berean, pertsonak eta bizitzeko moduak ezberdinak direlako». Grabazioa bera «oso polita» izan zen zuzendariarentzat. Kameraren beste aldean, Hrasky zein Enkhbold urduri sentitu ziren. Errenteriarra, baina, grabazio taldearekin hitz egin ondoren, zertxobait lasaiago sentitu zela aitortu du. Biak ala biak, pozik geratu dira dokumentalaren emaitzarekin, nahiz eta, Uyangaren kasuan, adierazi nahi zuen guztia ondo ulertzeko diskurtsoaren zati gehiago ikustea gustatuko litzaiokeela aitortu duen. «Baina normala da hori dokumentaletan».
Identitateaz, aurreiritziez, hizkuntzez, irudiaz eta etorkizunaz aritzen dira, besteak beste. Irudiak nahiko estatikoak dira, eta lehenengo planoak erabili dituzte. Pantaila ere karratua da, 16:9 formatua erabili dute. Arrazoia honakoa: «Ikusleak pertsonengan eta esanetan zentratzea da helburua, garrantzitsua ez den elementuetan galtzea ekiditeko». Carrere: «Dokumentala laburra da, elkarrizketak bakarrik ditu. Aurrekontua ere ez zen oso handia, baina oso ondo dago». Ez dago ikusgai, baina aurrerago ikastetxeetan zein guraso elkarteekin partekatu nahi dute, baita festibaletan ere.
SOS ARRAZAKERIAK 30 URTE
30 urtez etorkinei laguntzen eta xenofobia borrokatzen aritu da erakundea. Hasiera hartatik, gizartea aldatzen ikusi du Carrerek. Egungo gizartea «nahiko inklusiboa» dela uste du, nahiz eta zenbait «situazio edo jarrera» diskriminatorio izan, etxebizitza edo lana lortzeko zenbait kasutan, adibidez. «Lan egin behar da, eta hortan ari gara». Besteak beste, etxeko langileentzat aholkularitza, Berdin programa, atzeritartasunarekin lana, Bizilaguna iniziatiba, Urretxindorra mentoria, edo Donostiako zen Irungo Harrera Sarearekin elkarlanak egiten dituzte.