[Erreportajea] Izar gorria, etorriko diren pertseiden iparrizar
Abuztuaren 11tik 15era luzatuko dira Moskuko Bestak. ‘Egiten baduzu hozka, gure auzotik ospa!’ izan da aurtengorako aukeratu duten leloa, eta harrera auzoa askea dela aldarrikatu nahi dute.
Moskuko plaza egitarau eta jarduera askoren habia da urtean zehar, baina bere-bere baldin bada festaren bat, horiek abuztuko Moskuko Bestak dira. Esentzia berezia duten jaiak dira: auzoan bizi izan direnen, egun bizi direnen, eta bizitzen hasi berri direnen topagunea eta urteko hitzordua da.
Urteak aurrera joan ahala plazak itxura aldatu du, eta aldaketa nabarmenena izar gorriaren desagertzea izan bazen ere, erresistentzia hitzarekin aldera daiteke egun auzoa, aldaketak aldaketa, aurten jaietako batzordea handitu egin delako. Jendeak auzoa bizirik nahi du eta horretan dabil.
Abuztuaren 11tik 15era luzatuko dira aurtengo festak. Lelotzat Egiten baduzu hozka, gure auzotik ospa! izango dute, eta murru bat eraikitzeari egin dio keinu harrera auzoak. «Azken urteetan gorantz doan eskuineko ideologiari, erreakzionario den olatuari, eta desesperantzari paretak eraikitzea da asmoa», azaldu du Adrian Arruti jai batzordeko kideak. Mosku «harrera auzoa» dela azaldu du, «eta aske izan behar du. Hori errespetatzen ez duenak, jazartzen duen horrek, ez du paradarik gure auzoan».
Mezuarekin elastikoak egin dituzte, eta horiek eskuratzeko Hazia Kultur Elkartetik, eta Depor, Aranaztarra edo Larragane ostatuetatik pasa behar da, 15 euro poltsikoan prest izanda.
Egitaraua
Oraindik ez dute kaleratu egitaraua, baina Arrutik aurreratu du klasikoa dela aurtengoa, «azken urteetan egon denaren antzekoa». Dena den, urtero berritasunen bat sartzen saiatzen dira, esaterako, iaz skatean ibiltzen ikasteko tailerra edota drag bingoa egin ziren. Antolakuntzako kideak baieztatu du aurtengoan ere «ekitaldi bereziak» izango direla.
Auzo bazkaria ere egingo dute, Peña kalean, abuztuaren 12an. Paella izango da menua, bai dieta begetarianoa nahiz orojalea dutenentzako. Tiketak jada salgai daude 12 euroan, begetarianoenak Depor eta Eskina tabernetan, eta orojaleenak bi horietan eta Hazian, Kabigorrin, Aranaztarran, Aian, Altzolan eta Larraganen. Bazkariaren antolakuntzan parte hartzera egin du dei batzordeak, eta horretarako, haien Instagram kontuan (@moskukojaiak) petrilera noiz gerturatu behar den galdetzearekin nahikoa da. Txosna ere jarriko dute, eta txandak betetzeko taula laster zabalduko dutelakoan adi egoteko deia egin dute batzordekideek.
Ea piztuko den izar gorria, etorriko diren pertseiden iparrizar izatera iristen den. Gora Moskuko jaiak!