Itsas ekintzak, ostiralera arte
Atzo heldu zen Mater ontzia Hondarribira. Ostiralera arte ekintza ugari egingo dituzte.
Euskal kostaldeko 8 herritan porturatu ondoren Hondarribia izan da Mater ontziaren azken helmuga. Asteartean, hilak 25 porturatu zen, eta ostiralera bitarte Zero Zabor Uretan kanpaina sustatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte.
Gaur arratsaldean (hilak 26), bisita ekoaktiboa egingo dute Mater ontzi-museoan bertan. 17:00etatik 20:00etara. Ordu berean, itsas zaindari gunea bisitatzeko aukera egongo da ere. 19:00etan itsas erraldoien (Biodibertsitate dama eta Itsas zaborren munstroa) martxa egingo dute Portuan zehar.
Bihar (hilak 27) ere bisita ekoaktiboa egiteko aukera izango dute herritarrek, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean hainbat tailer egingo dituzte: Lehen tailerra 17:00etatik 18:00etara izango da, itsas hondakinen karakterizazio tailerra. Bigarrena, 18:00etatik 19:30etara, itsasoko plastikoak biziberritzeko tailerra. Itsas zaindari gunea ere zabalik egongo da goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
Etzi (hilak 28) Hondarribitik Pasaiara itzuliko dira. Mater ontziko tripulazioarekin bidaiatu nahi duenak aukera izango du 50 euroren truke. 12:00etan abiatuko dira eta 13:30etan porturatu.