Be Veggie jaialdi beganoa, abenduaren 8tik 10era Ficoban
Beganismoa ardatz duen jaialdiaren V. ekitaldia izango da aurtengoa, eta antolatzaileak programa zabal bat prestatzen ari dira.
Be Veggie jaialdi beganoa bosgarrenez lurreratuko da Ficoban abenduaren 8tik 10era. Azokak “askotariko aukerak” eskaintzen dituela adierazi dute antolatzaileek, eta V. ekitaldirako jarduera programa zabal bat prestatzen ari dira: hitzaldi informatiboak, mahai inguruak, sukaldaritza tailerrak edota zuzeneko musika. Jarduera horien guztien helburua da “giro egoki bat” sortzea, jaialdira joaten diren guztiek “esperientziak eta ezagutzak partekatzeko eta elkarrekin ondo pasatzeko”.
Ficoba “bizimodu beganoaren aldeko kontzientziazioa” sustatzen duten erakunde, babesleku eta entitateen topagune izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta informazioa eta ezagutza partekatzeko bilgune bilakatuko dela gaineratu dute. Jaialdiko sarrera eta aparkalekua doakoak izango dira.
Beganismoa ardatz duen Be Veggie jaialdiak estatu mailako egitasmo beganoetan leku bat egin duela baietsi dute sustatzaileek. Hori dela eta, sektoreko “erreferentziako erakundeek” babesa ematen diote jaialdiari, besteak beste, Espainiako Begetarianoen Batasunak (UVE). Horrez gain, beganismoan “erreferente” den beste erakunde baten babesa ere jaso du: Proveg Internacionalena. Iaz egin zuten bezala, erakunde horrek galdetegi bat egingo dute ikusteko “pertsonak benetan ohartzen diren elikatzeko moduek ingurumenean duten eraginaz”.
Azokak irauten duen denboran, bisitariek Ficobara txakurrekin sartzeko aukera izango dutela aurreratu dute antolatzaileek. Txakurren presentzia iaz probatu zen lehenengoz, “arrakastaz”, eta aurten berriro ahalbidetuko dute aukera hori. 2022ko ekitaldian ehun txakur baino gehiago pasa ziren Ficobatik, eta zehaztu dute ez zela “inolako arazorik” izan animalia horiekin.