2023ko Urrezko Intsigniaren onuraduna herritarrek aukeratuko dute
Bihartik (hilaren 26tik) abuztuaren 4ra izango dute herritarrek proposamenak bidaltzeko aukera. Proposamen horiek BAZ bulegoan edota udalaren webgunean egin ahal izango dira.
Gaur goizean aurkeztu du udalak aurtengo Urrezko Intsignia jasoko duen pertsona aukeratzeko ekimen parte hartzailea.
Hasieratik izan da herritarren parte hartzea sustatzea Udal Gobernu berriaren helburuetako bat; izan ere, parte hartzea “ahalduntze sozialerako” tresna dela uste dute. Era horretan, “biztanleriaren eguneroko bizitzako alderdi askoren bilakaera ona” ahalbidetuko delako.
Herritarrek aukeratuko dute, beraz, aurtengo saritua. Hiriaren jardunean “aktiboki eta nabarmen” lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoei ematen zaie intsignia, urtez urte. Haren bidez, egunerokotasuneko lana, ibilbidea edota lanbidea saritzen da.
Proposamenak bihartik (hilak 26tik) abuztuaren 4ra bidali ahalko dituzte Hondarribian erroldatuta dauden eta izena proposatu nahi duten herritarrek. Ondoren, Udal Bozeramaile Batzordeak izango du bildutako izen guztien artean hiru hautagai posible aukeratzeko ardura. Abuztuaren 5etik 11ra bilduko dira horretarako. Azkenik, hiru hautagai horien artean sariduna nor izango den erabakitzeko, herritarrek bigarren aldiz bozkatu beharko dute, abuztuaren 14tik 28ra bitarte.
Abuztuaren 29an jakinaraziko dute aurten omendua izango den hondarribiarra. Intsignia, urtero lez, irailaren 7an banatuko da.
Proposamenak BAZ bulegoan edota udalaren web atarian egin ahal izango dira.