'Piruen' parkeko urmaela, garbi
Ekainaren amaieran gorriz tindatu zuten 'piruen' parkeko urmaela. Urmaela lehengoratzeko lanek 3.244,59 euroko kostua izan dute.
Uztailaren hasieran udalaren antolaketa onartzeko ez ohiko udalbatza egin zuten. Bertan, ‘Piruen’ parkeko urmaelaren egoeraren berri eman zuten. Ordura arte emandako pausoen berri emateaz gain, aztertzera bidalitako emaitzak jasotzeko zain zeudela azaldu zuen Udal Gobernu Taldeak.
Emaitza horiei esker, hurrengo pausoak nola eman erabaki du udalak. Gaur goizean, Udal langileak eta Txingudiko Zerbitzuetako langileen lankidetzarekin batera, urmaeleko ur gorria hustu, garbitu eta berriro ere urez bete dute.
Erabaki hori hartu baino lehen, udalak ekainean gertatutako isuria garbitu behar izan zuen, eta ondoren, ura kutsakorra zen ala ez ondorioztatzeko laginak aztertzera bidali behar izan zituzten. Jarduketa horiek guztiek kostu ekonomiko bat izan dute. Zehazki, 3.244,59 euroko kostua, BEZ barne.
Azkenik, inoiz mota honetako edo bestelako isuririk gertatuko balitz, ahalik eta lasterren jakinaraztea eskatu du udalak, “neurriak lehenbailehen har daitezen”.