'Fosilak ezagutzen', Lapurriturriren proposamen berria
Aiako Harriko fosilen berri ematea du helburu irteerak. Abuztuaren 5ean egingo da, 11:00etan, eta ordubeteko iraupena izango du.
Lapurriturriko Informazio Puntuaren udako denboraldiak aurrera darrai, eta proposamen berri batekin dator. Aiako Harria Parke Naturalean kokatuta dagoen guneak ‘Fosilak ezagutzen’ jarduera antolatu du abuztuaren 5erako, larunbata, 11:00etan. Irteera Lapurriturriko Informazio Puntuan hasiko da, eta ordubeteko iraupena izango du.
Irteera horrek Aiako Harriko fosilen berri ematea du helburu. Herritar guztiei zuzendutako jarduera dela adierazi dute antolatzaileek, batez ere 6 eta 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzat. Irteeraren gehiengo edukiera 20 pertsonakoa dela zehaztu dute.
Izen-emateak irekita daude jada, eta abuztuaren 2a da inskripzioa egiteko azken eguna. Izen-emateak 010 telefonora dei eginez edota Irungo Udalaren atariaren bidez egin behar dira.
Honakoa denboraldiko hirugarren jarduera izango da, aurrez hegaztiak ezagutzeko irteera bat eta polinizatzaileak ezagutzeko pista jokoa egin baitziren. Uda eta udazkenean zehar irteera eta jarduera gehiago egitea aurreikusten du Lapurriturrik. Horrez gain, jendaurreko ordutegia ohikoa dela gogorarazi dute: ekainetik urrira bitartean, asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara.