[Elkarrizketa] «Drag-a ez dago zure takoietan, drag-a zuregan dago»
Irungo II. Drag Queen lehiaketa irabazi du Bacco drag donostiarrak, Gipuzkoan dagoen bakarra. Norbere burua deskubritzeko denei gomendatzen die drag-eatzea.
Markel Blanco deabrutzera etortzen da lurrera Bacco drag-a, eta gustura egiten dute elkar dantza barneko deabruaren erritmoan. Hilaren 8an berriz ere jaitsi zen Bacco, eta Irungo Drag Resort Eskina, alegia, II. Drag Queen lehiaketa irabazi zuen. Egun, Gipuzkoako drag lehiaketa bakarra da, eta Euskal Herriko gutxienetarikoa.
Arrastoa utzi du Baccok, baina batek daki non dagoen orain. Deabruaren kunbia dantzatzen izango da, akaso, eta, beraz, hitza Baccoren gorputza den Markel Blancorekin elkartu da.
Nor da Drag Bacco?
Bacco azpimunduko izaki bat da, gustuko duena lurra eta hartu du Markelen [Blanco] gorputza, deabrutu du, eta etortzen da lurrera ardoa edatera, paseatzera, eta drag showak egitera.
Noiz hasi zen lurra hartzen?
Orain dela hilabete batzuk jaio zen Donostiako Jon’s tabernan. Bertan, Irungo Alicia Kiss eta Garazy Fantasy drag queenek drag lehiaketa txiki bat antolatu zuten, eta izena eman nuen. Maiatzean izan zen hori.
Baccok, beraz, lurrean bidea hasi berria du.
Oraingoz ibilbide txikia egin du, bai. Egia da ni etxean trabestitzen nintzela, makillatzen nintzen, eta batzuetan argazkitxo batzuk ateratzen nituen. Baina orain dela gutxi, lehiaketa horri esker, jaio zen Bacco. Bestalde, Donostian aurkeztu zidaten ballroom [LGBTQ+ azpikultura, eta komunitate klandestinoa] familia bat, eta Lapiedra Anunnaki Lapiedrotxe bertan izaten da erakusten ballroom edota runway [pasarelan gora eta behera ibiltzea, poseak egiten groteskotik urrun] eta kultura hori guztia. Ez da drag-aren berdina, baina era batean edo bestean asko gustatu zaidan komunitateko leku batean sartu naiz, eta performatzeko gogo gehiago eman dit horrek.
Zer da zuretzat drag-a izatea?
Alde batetik espektakulu bat da, entretenimendua bezala ulertzen den hori. Baina, beste aldetik ere bada gauzak kontatzea, mezu bat ematea, espresatzea, eta gauzak zalantzan jartzea. Esaterako, drag-ak beti jarri du generoa zalantzan, eta nik estela horrekin segitu nahi dut. Zalantzan jartzen jarraitu nahi dut zer den emakume izatea, zer den gizon izatea, zergatik, zer esan nahi duen…
Momentu batean aipatu duzu ballroom-ean edota vogue-an ere bazabiltzala. Zer da komunitate hori zuretzat?
Familia bat da ballroom-a, komunitatea, babesa eta sarea. Horren barruan lehiaketak daude, baina batez ere gure artean babestea da kontua. Ballroom-a sortu zen trans emakumeengatik, arrazializatuengatik, eta batez ere asmoa zen batak besteari irakastea nola izan emakume eta passing hori lortzea, emakume iruditzea gizartearen aurrean, seguruago egoteko. Aldi berean, familia bat sortzeko elkartzen hasi ziren, askok ez zutelako familiarik. Jende asko batu da ballroom-era, baina segitzen du familia izaten.
Zergatik behar duzue elkar babestea?
Oraindik mundua etsaia delako, eta kalean biolentzia dagoelako. Ez, agian, beste lekutan bezala, edo beste urte batzuetan bezala, baina beti dago hor. Kaletik makillatuta edo drag-ean joaten zarenean jendea beti geratzen zaizu begira. Begirada horietako batzuk izaten dira sinpatikoagoak, eta beste batzuk izaten dira aurkakoak. Badaude lekuak eta lekuak, eta zauden tokiaren arabera, iruzkin arrotzagoak edo ez direnak jasotzen dituzu. Batzuetan «begira marikoi horiek» esaten dizute. Beti presente dago kontuz ibiltzearena.
II. Eskina Drag Resort Drag Queen lehiaketa irabazi zenuen. Zein izan zen buruan zeneukan ideia?
Hasieran neukan proposamenari ezetz esan zioten, hautatuta nuen abeslariaren abesti bat erabili behar zuelako beste drag batek. Aldatu egin behar izan nuen. Denbora guztian banuen ideia bat buruan, eta gauza asko aldi berean. Azpimunduko izaki bat naizenez, eta gustuko dudanez feminitate taldekatuaren ideia edota sorgin akelarrearena, banuen buruan Suspiria pelikula. Emakume ahaldunduak nituen buruan, akelarrearen ideia, sorginkeriarena, eta sokekin zerikusia ere izan behar zuen.
Era berean nahi nuen ikuskizunak zaurgarritasunaren ideiarekin harremana izatea, bihotz irekiarekin, katartikoa izatea nahi nuen. Poliki-poliki gauza batek bestearekin egin zuen bat. Bestetik, asko gustatzen zait artistikoki erabiltzea ausazko materialak, eraikitzen hastea, eta hortik drag bat sortzea. Oihal bat hartu, edota plastiko bat… Dena bat etorri zen. Aipatu nahi nuke koreografia guztiak Virginia Gonzalezek egin dituela, izugarrizko neska da.
Hainbat abesti hautatu zenituen, eta azkenean, mix bat egin zenuen. Zergatik?
Hiru abestiren nahasketa bat izan zen: Rosaliaren A pale eta Cuuuuuuuuuute, eta Lola Indigoren Fuerte. Egia da Rosaliaren Motomami diskoak asko hitz egiten duela erlijioari buruz, eta gai horrek esznenografiarekin edo ikonografiarekin bat egiten zuela uste nuen, baina ez nuen gehiegi sartu nahi horretan. Era berean, Rosaliak asko hitz egiten du zaurgarritasunetik eta indarretik. Hark Cuuuuuuuuuute abestian esaten du «kalean hegan doaz tximeletak, haiek ikusteko irten egin behar zara»; hau da, espazio segurua atzean utzi behar duzu bizitzaren edertasuna ikusteko. «Huts egiten badizute ni beti nago hor» da beste mezuetako bat. Gero, Fuerte abestira salto egiten dut. Ideia zen atzean utzi dudanez babesten ninduen oskola, orain indartsuagoa naizela, batez ere taldean nagoelako orain, zaurgarritasuna elkar azaldu dezakegun jendearekin nago.
Transformazio bat egon da interpretazio osoan zehar, eta tximeletak ere badira horren ikur. Ideia hori ere buruan zenuen?
Neurri batean bai. Rosaliaren transformazioaren ideia baino, oskolak kentzearen ideia izan dut buruan. Showean hori egin nahi nuen: kapak kendu, potoloenetik finenera. Azkeneko kaparekin nire azala irudikatu nahi nuen, eta gainean neramatzan sokak nire zainak eta bihotza izango lirateke.
Irabazi zenuela esan zizutenean, zer sentitu zenuen?
Oso pozik, oso kontent sentitu nintzen. Eskertuta sentitu nintzen, maitasun asko sentitu nuen. Ez dakit nire buruan zegoen hori, edota ikusi nuena maitasun asko izan zen: jendea animatzen, familiak ikustea, eta haurrak ikustea ere oso polita izan zen. Nire familia bertan zegoen, baita nire lagunak ere, beraiek nire beste familia dira. Drag-ak ere bertan ziren, beste familia bat dira niretzat. Drag batzuk ezagutzen nituen eta beste batzuk ez.
Drag-en artean sarea egin duzue?
Bai. Babesa erakutsi diogu elkarri bertan egon ahal izateko. Azken finean, drag-aren mundua oso zaila da, prekarioa, diru asko gastatzen duzu, eta beharrezkoa da lagunak edukitzea.
Zergatik diozu drag mundua prekarioa dela?
Prekarioa da, batetik, Donostian eta Gipuzkoan ez dagoelako drag eszenarik. Nahiko gutxi dago Euskal Herrian, eta dagoen bakarra Bilbon eta Nafarroan dago. Hemen, Gipuzkoan, oso leku gutxi daude. Egia da festetan, gaztetxeetan eta halako lekuetan noizbehinka egiten dela. Baina gutxi dago, ez da irisgarria, askotan taberna batek antolatu nahi du, baina ordaintzen dizutena edo laguntzen dizuten era nahiko pobrea da.
Bilbon eszena handiagoa dagoela diozu. Nolakoa da Gipuzkoako eszena?
Lan asko dago egiteko eta ez tabernengatik bakarrik. Jende asko dago ikusi nahi gaituena Donostian adibidez, baina hiriak ez du laguntzen. Irunen kasua uste dut ezberdina dela, uste dut orain Euskal Herrian dagoen drag gala hoberena dela. Ibilbide luzea izango duela dirudi, oso ederra da, oso ondo antolatutakoa, oso ondo funtzionatu du, jende asko joten da lehiaketara, eta asko gustatu zaie denei. Bizitza luzea opa diot. Donostian, berriz, queer-entzako eta disidenteentzako ekitaldirik ez dago eta, gainera, udalak ez gaitu entzuten, eta ez du horretarako asmorik ere. Horrek zaildu egiten du dena.
Mundu honen gainean ezer ez dakienarentzat, zenbat denbora behar duzu drag-eatzeko?
Asko. Denbora gutxiago behar izango nuke, badirelako drag-ak askoz ere tarte txikiagoan drag bihurtzen direnak, baina nik 2 eta 3 ordu artean behar ditut. Ematen du bi minututan makillatzen naizela, baina denbora asko behar da.
Zein da drag makillajearen eta normatiboaren arteko ezberdintasuna?
Egunerokoan zure aurpegia makillatzen duzu, eta drag-ean hutsetik aurpegi bat sortzen duzu. Errealitatetik gertu dagoen zerbait izan daiteke, baina irits daiteke zerbait fantastikoagoa izatera. Imajinazioa behar da. Pertsonaia bati bizia ematen ari zara.
Zein gomendio emango zenioke drag-eatzen hasten den bati?
Has zaitezke trapuekin, etxeko edozein arropa janzten, zure lagunen arropa janzten, zure familiakoena… Nahi duzun moduan margotu zaitez, nahiz eta gaizki hasiko zaren agian. Ez duzu behar ezer nabaria drag izateko. Drag-a muntatzea baldin bada ere, drag-a ez dago ez ileordean ez eta takoietan, drag-a zuregan dago.
Udara honetan showrik egingo al duzu?
Momentuz, ez. Gustatuko litzaidake baietz esatea, baina denbora gutxi daramadala-eta ez nuen espero hasieratik ondo joatea dena. Ez nuen uste harrera handirik izango nuenik. Beraz, ero-eroan aritu naiz. Baina, bai, gustatuko litzaidake zerbait egitea. Inork ez banau kontratatzen, nire burua muntatuko dut, eta doako show bat egingo dut kalean, hor abisua. Baina norbaitek nirekin harremana egin nahi badu, Instagrameko nire kontua [@baccoinferno] erabil dezala horretarako.